Markina-Xemeingo Bilduk, EAJ-k eta Aralarrek 197/2006 doktrinaren kontrako mozioa onartu dute osoko bilkuran aho batez.
Mozioagaz, 197/2006 doktrina bertan behera uzteko eskatu du Udalak. «Ondorioz, doktrina hori aplikatu zaien euskal preso guztiak berehalakoan libre uzteko eskatzen dugu», adierazi dute. 2012ko uztailean Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak aho batez onartu zuen 197/2006 doktrina ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen kontrakoa zela.
Bestetik, Euskal Herrian bizi den itxaropen eta konponbide aukeraren aurrean, euskal presoen aurkako salbuespeneko legeria bertan behera uzteko be eskatu dute. Horrela, ebazpen horren berri herritarrei eta Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako Komisionatu Nils Muiznieks jaunari emotea erabaki dute hiru taldeek.
Mozioa onartzean, Herrirako kideek eta presoen senideek bat egin eta argazkia atara dute alkarregaz.