Hitzordua 10:00etarako egin dute, Eibarko Armeria Eskolan. Bertan egongo dira Ramon Martinez de Murgia Eusko Jaurlaritzako Hekuntza, Hizkuntza eta Kultura Saileko Lanbide Heziketako zuzendari jauna eta Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatu jauna.
Azoka bera hiru egunez egongo da zabalik, zapatura bitartean. Ordutegiari dagokionez, etzi eta barikuan goiz eta arratsaldez egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; zapatuan bakarrik goizez irekiko ditu ateak, 10:00etatik 14:00etara. Sarrera irekia eta doakoa da.
Publiko zabalari dago zuzenduta, baina bereziki, DBH eta Batxilergoko azken kurtsoetako ikasleei, ziklo formatiboetako erdi eta goi mailako azken kurtsoetako ikasleei, heziketa zentroetako eta erakunde publiko nahiz pribatuetako irakasle, orientatzaile eta formatzaileei, enpresa-erakundeei, langile aktibo eta langabeei eta, orokorrean herritarrei, lanbide heziketan interesa daukaten guztiei.
Helburu bikoitza
Azokak helburu bikoitza dauka: alde batetik, eskualdeko eskaintza formatiboa aurkeztea, eta beste alde batetik, Lanbide Heziketa lan merkatuaren beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa bezala nabarmentzea, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren arteko lotura erakustea, hain zuzen.
Irekiera ekitaldiaren ostean, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren arteko harremana mahai-ingurua egingo da, 10:30ean, Armeria Eskolako areto nagusian. Jaz Zubiaurre SAko zuzendari orokorra eta ADEGIko presidente ohi Eduardo Zubiaurre jauna, Apel SAko zuzendari Mercedes Zulueta andrea, Danobat kooperatiba elkarteko presidente Jesus Astigarraga jauna, ZF Lemforder TVAko zuzendari orokorra eta ACICAEko presidente Julian Hernando jauna, Engine Power Components Group Europe SAko zuzendari orokor IƱigo Perez-Arregi jauna eta Mendaroko Ospitaleko zuzendari Eduardo Gonzalez jaunak hartuko dute parte. Ekitaldia amaitzean, luntxa eskainiko da.
Hiru egunetan hainbat hitzaldi eta tailer hartuko ditu Abian Azokak. Tailer guztiak doakoak dira, eta parte hartzeko interesa duten guztiek aurrez eman behar dute izena 943-82 01 10 telefonora deituz edo pymes@debegesa.com helbidera idatziz.