14 urte eskatu zituen Frantziako Justiziak Etxabururentzat. 2008an Landetan Orioko familia bati furgoneta lapurtu eta Oropesan (Herrialde Katalanak) atentatu bat egiten saiatzeagatik epaitu dituzte hamar lagun Parisen.

Goizean auzipetu guztien izenean hitz egin du Aitzol Iriondok, azken hitza hartu duenean. Gogoratu du otsailaren 18an epaiketa hasi zenean proposamen zehatz bat egin zietela Espainiako eta Frantziako gobernuei negoziazio mahai batean esertzeko. Orduko hartan ETAren izenean esan zuten sentitzen zutela “gatazkan erantzukizunik izan gabe ETAren ekinbidearen ondorioz kalteak izan dituzten herritarrei” sortutako mina. Iriondok, gainera, “bi estatuek hildakoak” eta sasian daudenak gogoratu ditu, Xabier Aranburu preso ondarrutarrak jasan dituen “tratu txarrak” salatu ditu, martxoaren 4an Seyssesko espetxeko funtzionario batekin istilu bat izan ostean. Gose greban ere izan zen Aranburu, baina baldintzak hobetuta, laga egin du.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak gaur goizean bertan Kongresuan UPDren galdera bati erantzunez esan du ez dutela ETArekin negoziatuko. “ETAren aurka betiko adorearekin jardungo gara. Desegin beste aukerarik ez zaio geratzen ETAri. Guk legea betearaziko dugu”, adierazi du.