Umeak eta gurasoak. Horiexek izan ziren protagonista joan den asteko domekan Mutrikun. Gipuzkoako eskolarteko ibilaldi neurtuen barruan, Mutriku eta inguruak izan ziren joan den asteburuan topaleku. Eta nola ez, mendizaletasuna bultzatzeko ekimena izanik, parte hartzaileek anfitrioi ezinhobea eduki zuten: Burumendi Mendizale Elkartea, besteak beste.
387 umek eta 243 gurasoak parte hartu zuten ekimenean. Ibilbidea ondokoa izan zen: Mutriku, Kalbaixo, Apain, Olatz, Mendibeltzu, Eguzkitza eta Mutriku. «Bi ibilbide egon ziren, luzea eta laburra. Luzeak 12 kilometro neurtzen zituen eta laburrak, 8. Parte hartzaileek biak erabili zituzten eta dena primeran atera zen. Ekimen polita eta arrakastatsua izan zen», azaldu du Agustin Elortza Burumendiko arduradunak.

Parte hartzaileak 11 autobusetan heldu ziren Mutrikura. «Autoetan ere jende asko etorri zen. Autobusak partikularrak izan ziren, ezinbestean, azpiegitura aldetik hutsunea daukagu Mutrikun eta».
Ekimena, «primerakoa»
Orokorrean, ekimena «primerakoa» izan zela gaineratu du Elortzak. «Gustura ibili ginen denok. Ibilbidea ondo egon zen eta ez zen ezbeharrik gertatu. Beraz, denok pozik!».

Hamaiketakoa Kalbaixoko Eizarre baserriak utzitako aterpean egin zuten parte hartzaileek. «Horretan ere ondo egon ginen, gustura».
Beste behin ere, Burumendik, Mutrikuko Udalak eta oro har mutrikuar denek, punta-puntako anfitrioiak direla erakutsi zuten. Inguru zoragarria edukitzeaz gain, herritarrak ere maila berean daudela erakutsi zuten. Alegia, besteak beste, borondate handikoak direla.
Guzti horregatik eta gehiagogatik, ekimena arrakastatsua izan zen, «erabat».