Gorbea inguruan edukitako istripu baten Ertzaintzak edukitako jarrera salatu du markinar batek
Domekan Gorbea inguruan (Zeanuri parean) iganderoko osteratxoa egiten ari zen markinar bat, bere lagunekin eta taldeko batek hanka bat apurtu zuen. Larrialdi zerbitzuetara deitu eta Ertzaintzarekin jarri zituzten harremanetan, istripua gertatu zen leku zehatza adierazteko. “Posizionatze globalerako sistema erabiliz, koordenatuak eman genizkion Ertzaintzari eta horrela ere, bi ordu behar izan zituzten guregana ailegatzeko”. Markinarraren esanetan, “ertzainek ez zekiten koordenatuak irakurtzen edota posizionatze globalerako sistema interpretatzen. Lotsagarria!”.
Ertzaintza “behin eta barriro” eurak zeuden lekutik hurbil pasatzen entzuten zutela be gaineratu du. “Bien bitartean telefonoa ari ginen berbetan eurekin, baina ez zuten asmatzen”.
Bi ordu beranduago, lekura ailegatu zirenean, ertzainei erreskateak ezin direla horrelakoak izan esan zieten. Ertzainen erantzunak sutan jarri zituzten: “satelitea ez zebilen ondo”.
Zauritua Galdakaoko ospitalera eraman zuten. “Zauria larriagoa izan bazen, bertan odolustuko zen”, gaineratu du markinarrak.
Horren harira, gertaera mendiko federazioan salatuko dutela esan du herritarrak. “Horrela ezin daiteke, lotsagarria izan zen”.
Markinarraren esanetan, domekero joaten dira mendiko ostera egitera. “Ez gara txoriburu batzuk. Ondo prestatuta joaten gara, eta ez geunden leku ezkutu baten. Bost lagun ginen, eta guztiok zur eta lur geratu ginen ertzainen jarrera ikusita”.