Italiatik Lekeitiora etorri zen bizitzera
Davide Cerchi (Genova, 1969). Ama lekeitiarra dauka, eta txikitan euskaraz apur bat egiten zuela dio. Halan eta be, galduta zeukala guztiz. Euskara ikasten ari da
AEK-n, eta
Korrika ailegatzeko irrikitan dagoela aitortu du.
Noiz hasi zinen euskara ikasten?
Orain dela hiru urte beharra topatu nuen Eibarren eta hona etorri nintzen. Txikitan apur bat egiten nuena guztiz ahaztuta neukan, eta hemen biziko nintzenez euskara ikasten hasi nintzen.
Non hasi zinen ikasten?
Lekeitioko AEK-n emon nuen izena.
Erraza egiten zaizu euskara?
Ez da erraza baina ez da esaten duten besteko zaila be. Ez badaukazu ikasteko gogorik zaila izango da, jakina. Baina gogoa jarrita ez. Nire ustez, euskarak berezitasun bat dauka oso ona dena. Italierak eta gaztelerak adibidez antz handia daukate. Horregatik, italiar batek gazteleraz edo alderantziz ikasten hasten direnean ez dute euren hizkuntza zaintzen eta biak nahasten amaitzen dute. Euskara ez denez besteen antzekoa ez da hori gertatzen. Nik italiarrekin italieraz hitz egiten dut, eta euskaldunekin euskaraz, baina nahasketarik egin gabe. Ama hizkuntza zaindu behar da eta horrela erabili, beste hizkuntzekin nahastu barik.
AEK-ko eskolan zer moduz moldatzen zara?
Oso ondo. Irakasleekin oso gustora nago, jator-jatorrak dira, eta klaseko giroa be oso ona da. Hori bai, irakasleei barkamena eskatu behar diet. Izan be, beti nabil berba eta berba, eta askotan eskola guztiz nahasten diet irakasleei [barre artean]. Pazientzia handia daukate.
Lekeition bizitzeak be lagunduko du euskara errazago ikasteko orduan, ezta?
Bai, jakina. Koadrila daukat hemen eta denak euskaldun zaharrak dira. Horrek asko laguntzen du.
Aurten Korrikak euskara ikasleak omentzen ditu. Pozik hartu duzue berria?
Bai, baina nire ustez ez dugu omenaldi hori merezi. Askotan entzuten dut «merezi du euskara ikasteak?», eta ez zait galdera hori batere gustatzen. Hemen bizi gara eta euskara ikasi behar dugu bai edo bai, ez da hasi behar zergatia galdetzen duten galderak egiten. Ulertzen dut omenaldia egitea, baina euskara ikastea ez da meritua, egin beharra baizik. Euskal Herrian bizi bagara euskara ikasi egin behar da eta kitto. Italian ez da hori galdetzen, hara bazoaz italiera ikasi beharko duzu nahi ta nahi ez. Hemen be horrela izan behar da.
Joango zara Korrikara?
Jakina! Orain dela urte bi joan nintzen Korrikara eta asko gustatu zitzaidan. Testigua eroan nuen gainera! Berezia izan zen. Ni oso kirol zalea naiz, kirolak asko emozionatzen nau. Eta Korrikagaz antzekoa, emozio handi-handia sentitzen dut, poz handia. Aurtengoan Eibarren egingo dut lehenengo Korrikaren zati bat, eta gero, zapatu goizaldean Lekeition be bai. Beraz, aurten bi bider egongo naiz Korrikan. Heltzeko desiatzen nago.