Ondarroako eguneko zentroak itxaron egin beharko du. Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunak Ondarroako udal ordezkariei bileran esan dienez, oraingoz Gueñeseko egoitzagaz hasiko dira, itxura denez, Ondarroakoak baino eskaera handiagoa daukalako. Izan be, aldundian ez daukate Ondarroan eskaera handia dagoen ziurtasunik. Udalak, dena dela, normala deritzo hori, eguneko zentroa martxan ez dagoen bitartean menpekotasuna daukaten familiako kideek diru laguntza batzuk hartzeko eskubidea daukatelako eta eguneko zentroan aukera eskatzen badute, diru laguntza barik geldituko liratekeelako,
«hau da, ezer barik».

Beraz, orain momentuan eguneko zentroa beharrezkoa dela ulertuta, eta martxan ipintzeko nahiagaz,
zentroa errealitatea egin arte familiakideek diru laguntzari –aldundiak emoten du– uko egin beharrik ez daukatela iritzi dio Ondarroako Udalak. Hori dela eta, martxoaren 11ko udal ongizateko batzordean aldundira bidaltzeko idatzi bat prestatu eta sinatu zuten batzordeko talde guztiek. «Guk hasieratik aldundiari ulertu diogu eurak be eguneko zentroa ipintxeko aukera lehenetsi dutela, baina orain ez dugu argi ikusten lehenesten dutenik», esan du Rakel Elu Ondarroako Udaleko Gizarte Ongizateko arduradunak. Beraz, idatzian eguneko egoitza «beharrezkoa» ikusten dutela jakin eragin diete aldundiko arduradunei, «are gehiago, herritarren bataz besteko adina gero eta handiagoa denean».
Gizarte ongizate batzordeak argi laga du behar den besteko eskaerarik ez badaukate, ez dela nahirik ez dagoelako, baizik eta diru laguntzekin talka egiten dutelako: «Martxan ez dagoen bitartean, inori ezin daiteke eskatu beste eskubide bati uko egiteko, beste eskubide bat martxan ipintzen ez den bitartean».
Eskaria handituz
Aldundiak, bestalde, eskualdean badaudela beste egoitza batzuk esan die udal ordezkariei. «Eskualdean antzeko lekuak bete barik daudela esan digute, eta horiek bete arte Ondarroakoa, beharbada, ezingo dela zabaldu». Horren kontran, Ondarroan halako zentro baten eskaria badagoela uste dute udal agintariek, eta behin zabaldu eta gero, eskaria «handitu» egingo dela iritzi diote, gainera. Hori horrela, herrian eguneko zentroa zabaltzea eta edukitzea normalena dela jakin eragin die aldundikoei, Ondarroa eskualdeko herri handiena den heinean eta dauzkan zerbitzuen erabilpena bermatuta dagoenean: Artibai nagusien egoitza bete-beteta dago, eta etxez etxeko laguntzekin 80 herritar inguru dabiltza.
Goiko egoitza, udazkenerako
Eluk azaldu duenez, herrian badaude familikideak daukan menpekotasunagatik eguneko egoitza batean egoteko eskubidea edukita, diru laguntzari uko egin eta eguneko zentroan egotea eskatu duten familia batzuk. Aldundiak Lekeitioko egoitza eskaini die, eta bidaia hori gehigarri eta traba legez ikusi ondoren, batzuek uko egin diote aukera horri. Badago uko egitekotan dagoenik be. «Uko eginez gero, eskubidea galtzen dute, eta emoten dieten aukera ez da erantzun errazekoa izaten».
Gizarte ongizateko batzordeko talde guztiek sinatutako eskaera bidalita, idatzizko erantzuna eskatuko diete aldundiari. Batzordea bera, hamendik aurrera idatzizko bileretan oinarrituko da.
Bestalde, Maskulo Etxeko goiko egoitza urtea amaitu aurretik ipiniko dute martxan: arazoak dauzkaten 45 urtetik gorakoek edukiko dute tokia bertan. 25 leku daude guztira.