Kamiñazpi goialdean, bi hektareatan dauzka landatuta Harizpe upeltegiak mahastiak. iazko txakolin ekoizpena bikoiztuta, Sutargi jatetxean emon dute ezagutzera Bizkaiko Txakolina jatorrizko deiturako ardo zuria.
Kolore hori-berdexka ikusmenean, frankoa, iraunkorra eta dotorea usaimenean. Egituratua eta zaporetsua, ahotik igarotzean zabala eta freskoa. Horrelakoxea da Harizpe txakolina, eta horrelaxe aurkeztu zuen Elena Garia de la Peña enologoak atzo. Inork ez zuen aurkezpena galdu nahi izan. Hitzordua Sutargin zegoen eginda. Goiko gela bete egin zen.
2010. urtean ekoizten hasita, aurten emon du jauzia Ondarroako Harizpe Txakolinak. Aspaldian galduta zegoen ohitura bat berrartu dute. Txakolinaren jatorria 1327 urtekoa da, eta 120 urte baino gehiagotan geldituta egon da. «Ondarroa sortu zenetik mahastiak zeuden. Gehiago edo gutxiago egon izan dira. Kopuruak 4.000 eta 80.000 litro artekoak ziren. XIX. mende amaieran desagertu ziren, 1880-1890 bueltan, geuk landatu arte», azaldu zuen
Anton Golzarri ekoizleak.
Bi hektarea dauzkate, Kamiñazpi goikaldean. Hegoaldera begira dago lursaila, eta berotasunak mahastia osasuntsu egoten laguntzen du, hezetasunetik kanpo. Aurten 6.000 botila ekoiztuko dituzte, iazko bikoitza, eta hamendik hiru-lau urtera, mahastia hazi ahala, 15.000 botilara ailegatzea dute helburu.
Bidea ez da erraza izan Golzarrik esan duenez. Ardo zuria merkatura atera arte behar handia egin dute. Hamahiru urte daroe prozesu horretan. «2000. urtean landatu genituen lehenengoko mahats arbolak, eta 2010. urtean upeltegia egin genuen, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat tarteko. Oso eskertuta gaude». Orain, txakolin hoberena egitea bilatzen dute, teknologiak lagun: «Bihotz guztiagaz egin dugu, jakintza guztiagaz, enologoaren laguntzagaz. Gozatu danok».
Argia Ituarte alkateak egin zuen lehenengo brindisa. Atzetik beste asko etorri ziren.