Markina-Xemeingo ingurumen batzordeak
Markina-Xemein Garbia kanpaina jarri du martxan. Kanpainagaz, hainbat ekintza jarriko ditu martxan udalak, ahalik eta zabor gitxien sortu eta sortuta dagoena ahalik eta egokien kudeatzeko helburuagaz. Herriko merkatarienkin elkarlanean jarri du martxan kanpaina Udalak.
Ahalik eta zamar gitxien sortzeko, alde batetik, herriko familia danei hiru ontzi emango zaizkie. “Horrela, herritarrak okela, arraina edo hestebetea erostera doazenean paper edo plastikoan batu beharrean ontzi horietan eroan ahal izango dute etxera”, azaldu du Joseba Iraolagoitia ingurumen batzordeko zinegotziak.
Ontzi horiek lortzeko hurrengoa egin behar da: Datozen egunetan udal aldizkaria argitaratuko da. Bertan txartel bat agertuko da, eta txartel hori herriko harategi edo arraindegiren batean erakutsita, hiru ontziak oparituko dira. Martxoaren 25etik aurrera egongo dira ontziak eskuragarri.
Ontzien erabilera areagotzeko, hilero 10 euroko balioa duen saria emongo zaio ontzi gehien erabiltzen duen herritarrari. Sari hori bertan dendan erosketak egiteko izango da. Ingurumen batzordeak eta ekimenagaz bat egiten duten dendariek 5na euro jarriko dituzte ekimena bultzatzeko.
Beste alde batetik, otorduak emoten dituzten herriko taberna eta jatetxeetan ur-pitxerrak banatuko dira. Horrela, plastikozko ur-botilen ordez pitxer horietan eskaini ahal izango dute ura.
Sortzen den zaborra egoki kudeatzeko asmoagaz, ostera, kartel berezi batzuk jarriko dira herrian zamarrak dauden guneetan. Bertsotan, ontziak, kartoiak, papera, beira eta etxean sobera dagoena nora bota behar den agertuko da karteletan.
Kanpainari Markina-Xemeinen kultur eta kirol arloan ezagunak diren pertsonak emon diete babesa: Yolanda Loirak, Jose Pablo Arriagak, Patxi Juaristik, Nerea Ibarzabalek, Andoni Aretxabaletak, Gorka Ostolazak, Lore Txurrukak eta Txus Jaiok. Horiek danak agertzen dira karteletan.
Ingurumen batzordeko kideek adierazi dutenez, egunean 5 tona zamar sortzen dira Markina-Xemeinen, pertsonako kilo bat. “Asko begitantzen zaigu hori”, diote. “Horregatik, zabor gitxiago sortzea da helburua, baita jadanik sortuta dagoena birziklatuz ahalik eta ondoen sailkatzea be”, azaldu dute.