Lekittoko Herri Asanbladak bestelako gizarte eredua aldarrikatzen dihardu luzaroan; praktikak asanbladaren jarduna markatzen badu be, herritarren kontzientziak astinduz, herriari begira behar egiten dutela diote.

Astelehen arratsaldea da. Eta hotz egiten du Lekeition. Kaleak be hutsik ageri dira. Etxeetako ateak itxita daude, nor bere gunean eroso dago. Bada ostera, ateak zabalik dituen etxerik. Besteengatik, denengatik, eta bestelakoarengatik gogoeta egiten duenik. Eta pentsamolde horren uhara jarraituz, Maixuen Etxera ailegatzen da bat. Esandakoa, ateak zabalik daude, eta eskuak zabalik agertu da Lekittoko Herri Asanblada aurrean.
Beste gizarte eredu bat aldarrikatuz, gizabanakoen duintasunaren alde borrokan dihardu Lekittoko Herri Asanbladak. «Kapitalismoak lagatzen digun ondorioa da gaur egungo egoera, besteak beste, eta horren aurrean, bestelako eredua da aldarrikatzen duguna».
Esparru zabaletik konkretura
Azkenaldian asanblada etxe kaleratzeen inguruan jo eta ke beharrean egon bada be, ez da jorratzen duen alor bakarra. «Herriari begira behar egiten dugu, bestelako interesak albo batera utzita. Herritarren tresna bat da herri asanblada», diote kideek.

Herri osoari bideratuta dagoen heinean, herritarrek egungo egoeraren aurrean duten arazoak bere egiten ditu asanbladak. «Ez gara momentu zehatz baten egindako ekimenetan geratzen. Asanblada hori baino haratago doa».
Izan be, «zapalkuntza» modu orokorrean ulertzen dutela diote. «Egia da praktikak dena markatzen duela. Egoera horrelakoa da eta gure lehentasuna herritarren beharrei erantzutea da».
Bide horretatik, etxe kaleratzeak izan dira azkenaldian euren jomuga. «Herritarrak etxe barik geratzeko arriskuaren aurrean, okupazioa alternatiba erreal moduan aurkeztu nahi dugu. Ikusirik laguntza sozialak ez direla ailegatzen, alokairuak ez direla bape duinak eta herrian etxeak hutsik zeudela, okupazioa zilegia da», argitu dute lekeitiarrek.
Etxe kaleratzeen auzia
Bada, bide horretatik, herritarren artean kontzientziazioa lantzeaz gain, alternatiben bila jo zuen asanbladak. Eta horrela, Maixuen Etxera ailegatu ziren. «Herritarren kontzientziak astindu nahi ditugu, guztiok egoeraren larritasunaz jabetzeko. Lekeitio ez da uharte bat, eta egungo ereduak miseriak ezkutatu egiten ditu, baina hortxe diraute».
Behin Maixuen Etxean, asanbladak hiru etxe okupatu ditu, herritarren unean uneko etxeetako arazoak konpontzeko. «Etxebizitzak ez ditugu pertsona jakinentzat okupatu, momentuko arazoa konpontzeko baizik. Izan be, jaiotzen garen momentuan guztiok daukagu aterperako eskubidea».
Ildo horretan, asanbladak hiru jardunbide dituela diote: etxe kaleratzeen aurka egitea, alokairuen prezio duinak aldarrikatzea eta okupazioa atlernatiba erreal moduan aurkeztea.
Bada, otsailaren 23an sartu ziren eta gutxinaka, auzolanean, alboratuta zeuden etxeak bizitzeko moduan ipini dituzte herritarrek. «Etxebizitzek aurrera begira edukiko duten erabilera eztabaidatu egin behar dugu orain. Bien bitartean, alternatiba posibleak ipintzen gaude».
Ordutik, astelehenero batzen da asanblada Maixuen Etxean.
Dinamika iraunkorrean sartuta, asanbladak ozen dio: «egungo sistemak herritarrei eragiten dioten arazoen aurrean erantzuteko prest egongo gara. Horren harira, beste herri eredu batzuk posible direlako, herri antolakuntzan oinarriturik, mobilizatzen eta mobiliza eragiten jarraituko dugu».
Asanbladak alternatiben leihoa izaten jarraituko du, eta sistema kapitalistaren erdian airean dagoen lainoa izatetik errealitatean errotzea bilatuko du.
Ate irekiak, proiektuaren aurkezpena eta kafe-asanblada, bihar, Maixuen Etxean
Ukatutako eskubidiak eskuetan hartu lelopean,
Maixuen Etxerako proiektuaren aurkezpena egingo du Lekittoko Herri Asanbladak zapatuan. Hitzordua 17:00etan jarri dute, Maixuen Etxean. «Ordu horretan ate irekiak egingo ditugu, herritarrek proiektua zuzenean ezagutu dezaten». Horrekin batera, orain arte egindako ekimenen erakusketa be ipiniko du asanbladak.


Eta 18:00etan asanblada egingo da. «Horretan Maixuen etxerako proiektua bera osotasunean aurkeztu eta maiatzearen 1era begira herri mobilizazio bat egiteko proposamena jorratuko dira, besteak beste». Horretaz gain, aurrera begira zein norabide jarraitu be erabakiko dute asanbladan parte hartze dutenek.
Bide horretatik, Lekittoko Herri Asanbladak herritarrei bertara gerturatzeko eta ekimenean parte hartzeko gonbitea luzatu die.
Harremanetarako
- Batzartzeko eguna: Astelehenero, 19:30ean, Maixuen Etxian. Horretan .
- Posta elektronikoa: lekittokoherriasanbladia@gmail.com
- Telefono zenbakia: 626 343 053