Kofradiarekin batera, herriko arrantza desagertuko da, portua azken aldian izandako zenbait gertaera tarteko. “Jakina den bezala, portuan obrak hasiak dituzte pantalanak jartzeko. Horren harira, esan beharra dago, Portuen Zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritza eta are zuzenago Gipuzkoako Lurralde Zerbitzua herriko arrantza aktibitateari trabak eta oztopoak jartzen ari dela. Interesatzen zaien gauza bakarra kirol portuaren garapena da. Egoera honek jarrera autoritario eta agintzailea dakar berarekin, non beste guztiok ez daukagun ez hitzik eta ez bozkarik”, adierazi du Mutrikuko Kofradiak.Kofradiakoek esan dutenez, kontaezinak izan dira euren jarduna berriro martxan jartzeko ipini dizkieten eragozpenak. “2012an gure lonja egokitzea lortu genuen, horretarako beharrezkoak ziren gailuak eskuratuta, eta arrainaren trazabilitatea bermatzen zuen sistema informatikoa jarrita. Gabonetan, osorik desmuntatu ziguten, gauez eta aurrez abisatu ere egin gabe. Gure bulegoko liburuetara eta ordenagailuetara heltzeko modurik gabe gelditu ginen”, salatu dute.

Hala eta guztiz ere, fede onez, hainbat alternatiba proposatu zizkien kofradiak bulego berriaren eta izotz makinaren balizko kokapenekin. “Gure ahalegin guztiak hutsean gelditu ziren. Ez ziguten erantzun ere egin”.