Ondarroako Txomin Agirre 28 eta ondoko orubean 8 etxebizitza egiteko lizentzia behin betikoz baliogabetu du epaileak
Lehenengo sententziak 2011ko otsailaren 22ko 28/2011 sententzian adierazitako lizentziaren baliogabetasuna berresten du. Lizentzia emateko oinarri hartu zen araudia ez zela legezkoa esanaz. Beraz eraikina lizentzia gabe gelditzen da, egindako obrak hasieratik ilegalak direla agerian utziz.
Beste sententziak, Udala Pixape 1-ko orubearen segregazioa eta salmenta berrikusi beharra agintzen du. Segregazioa egin zenean ez ziren kontutan hartu alde zaharreko partzelak ezin direla ez banatu ez gehitu ondare legeen arabera ezta lurzoruaren legearen arabera ere. Horrela bada, Udalak segregazioa berrikusi beharko du, eta baita honekin lotura daukaten espedienteak ere.
Aurrekariak
Ondarroako Udalak 2007an, EAJ agintean zela, erabilera publikoko lursail zati bat saldu zion eraikuntza enpresa bati. Asmoa bertan zortzi etxebizitza eraikitzea zen. Bizilagunak erabakiaren aurka agertu ziren, ez zela legala argudiatuz, eta salaketa sartu zuten. Hori bai, hasiera baten udal teknikariekin berba egin zuten, baina udalak obrak hasi zituenean, gaia epaitegietara eraman zuten. Irregulartasunak atzemanda, epaileak lanak geldiarazteko agindua eman zuen, badaezpadako neurri modura. Horren aurrean, Udalak, EAJko Kudaketa Batzordea buru zela, araudi berri bat egin zuen (Alde Zaharreko PERIa). Horren aurrean, 250 bizilagun baino gehiagok alegazio-idatzi bat aurkeztu zuten, Udal Kudeaketa Batzordearen jardueraren aurka. Eraikuntza aurrea joan zen eta aipatu zortzi etxebizitzak salmenta jarri ziren. 6 hilabete beranduago, epailak badaezpadako neurria kendu zuen, bizilagunek ezinezkoa bai zuten ekonomikoki neurria mantentzea. Bada, eraikuntza enpresak lanekin aurrear jarraitu zuen, baina beranduago lanak eten egin ziren, krisi ekonomikoa tarteko.Epaiketa prosezuak aurrera jarraitu zuen, bizilagunei arrazoia emanez eta Udal arduradunek egindako irregulartasunak gaitzetsiz behin baino gehiagotan; Xehetasun Azterlana baliogabetuz (2008), obra lizentzia baliogabetuz (2011) eta partzela publikoaren segregazioa berrikustera derrigortuz (2013).