Brouard diru truke hil zuela aitortu du Morcillok
Bost milioi pezetaren truke hil zuela aitortu du. El Mundo egunkarian argitaratutako elkarrizketan egin du aitortza, eta hainbat xehetasun be emon ditu elkarrizketa berean.
Morcillok kontatzen duenez, bera izan zen Brouard-i tiro egin ziona: «Kontsultatik atera zenean tiro bi emon nizkion, eta lurrean hil nuen. Aringa-aringa atera nintzen Lopez Ocañagaz eta pistola eskaileratan utzi nuen».
Bere esanetan, hori egiteko agindua Rafael Masak emon zion, eta harek kontatu zionez, bere nagusiak eskatu zion HBko militantea hiltzeko. Gaineratu du, Masaren nagusia ziurrenik Sancristobal izango zela.
Elkarrizketan adierazten denez, 7,5 milioi pezeta jaso zituen Morcillok Brouard hiltzeagatik, eta horietatik 2,5 milioi Ocañari emon behar izan zizkion. Morcillok gaineratu duenez, gerora jakin zuen danera 25 milioi pezeta bideratu zirela hilketa egiteko, baina berak bakarrik 5 milioi jaso zituela.
Oraintsu Jose Amedo GALeko kideak salaketa jarri zuen Morcilloren kontra. Grabaketa bat aurkeztu zuen, eta bide horretan, Morcillok Brouard berak hil zuela aitortzen zuen.
Horren ondorioz, Bilboko epaile batek Santi Brouarden hilketaren auzia barriro zabaldu zuen.
Gertaera horren harira, Brouarden familiak Amedo «onuren bila» ari dela uste dutela adierazi zuen.
Bihar deklaratu beharko du Morcillok epailearen aurrean. Halan eta be, ezin izango dute epaitu, auzi horrengatik lehen epaitu zutelako, eta Non bis in idem zuzenbideko printzipioaren arabera, pertsona bat ezin delako bi bider auzi berarengatik epaitua izan.
Santi Brouard-en familiak ez du nahi izan deklaraziorik egin El mundok argitaratutako elkarrizketaren inguruan. «Sorpresa handia izan da elkarrizketarena, jakinda bihar deklaratuko duela epailearen aurrean», adierazi dute. «Ikusiko dugu bihar zer esaten duen epailearen aurrean, eta orduan bai, balorazioa egingo dugu», azaldu du Brouard-en familiak.