Lau urte beteko ditu ekainean kargua hartu zuenetik. Beraz, aurtengo ekainaren 30an, gaur egungo zuzendaritza taldea agintaldi amaierara helduko da.
Ikusirik momentuz ez dagoela inor ardura hori hartzeko prest, zuzendaritzak batzarrera deitu ditu gurasoak, bertara joan eta denen artean ardura hori nork har dezakeen adosteko.
Bihar eta etzi izango dira gurasoen batzarrak, eta asmoa da futbol talde bakoitzetik bost edo sei guraso prest egotea. Horrela, denen artean ardurak banatu ahal izango lirateke.
«Ezinbestekoa da boluntario taldea sortzea guraso eta afizionatuen artean», adierazi dute zuzendaritzakoek. «Guraso bakoitzak behar apur bat eginda gure seme-alabek orain arte bezala euren kirol gustukoenaz gozatzen jarraitzeko aukera edukitzea da helburua», diote.
Momentu honetan 11 lagunek osatzen dute Artibaiko zuzendaritza taldea, lau karguk eta beste zazpi bokalek.
Zuzendaritzak adierazi duenez momentu ona da taldearen ardura hartzeko. Izan be, egoera ekonomikoa ona da, eta horrek erraztasun handiak emongo ditu.
«Kontuan hartu behar da gure seme-alabentzako ari garela beharrean, eta ardura hori inork hartzen ez badu, kolokan egongo dela Artibai Futbol Taldearen etorkizuna», diote zuzendaritzakoek. «Eta Artibai desagertzen bada, orduan, non jokatuko dute gure seme-alabek?» diote.
Guzti horrengatik, dei zabala egin nahi die zuzendaritzak guraso eta afizionatuei, eta eskatu nahi die gaurko eta biharko batzarretara joan eta inplikazioa erakusteko. «Artibai denona da, zabala da, eta bere alde egin behar dugu inoiz desagertu ez dadin», gaineratu dute.

Batzarrak:
Bihar, apirilak 18
Txikien gurasoak (2000n eta 2001ean jaiotakoenak). 19:00etan, Barroetan.
Etzi, apirilak 19
Lurraldeko lehen mailakoen, gazteen eta kadeteen gurasoak. 19:00etan, Barroetan.