Bizkaibus zerbitzuaren kontratua barritzekotan dago Bizkaiko Foru Aldundia, eta
aldaketa bat baino gehiago egingo du. Ondarroa-Bilbo zuzenean egingo duten Bizkaibuseko bi autobus ipiniko ditu.
Ondarroako Udalak zortzi ipintzeko proposamena egin zion aldundiari, eta ezezko erantzuna jaso du, eskari nahikorik ez dagoela argudiatuta.

Hori ez eze, udalak egindako beste proposamen asko be ez ditu kontuan hartu aldundiak. Udalak Lekeitio eta Ondarroa lotuko dituen autobus zerbitzua ipintzea eskatu zuen, bai eta eskualdetik EHUren Leioako kanpusera joateko autobus zerbitzu bat ipintzeko be. 160 ikasle daude ikasten Leioan, baina aldundiak kopuru hori nahikoa ez dela erantzun du, autobusaren erabiltzaileak kopuru horren erdia baino ez direla eta klaseak ordu ezberdinetan izaten direla azalduta. Horri lotuta, udalak beste irtenbide bat proposatu zuen: Durangotik EHUra doan autobusa pixka bat beranduago ateratzea. Era horretan ikasleek autobusa arazorik barik harrapatu ahalko lukete, zirkulazio handia dagoenean eta trena pasatzen denean galdu egiten dute eta.