
Naiara Malabe eta Violeta Vazquez
Zumaia, Deba eta Mutriku ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Naiara Malabe Garridok (Deba, 1982) etaVioleta Vazquez Garciak (Beasain, 1966). Ingurumen Zientzietan lizentziatua da lehena, eta Arte eta Historian bigarrena. Geoparkearen egitasmoan hasiera-hasieratik murgilduta, daukaten ezagutza partekartzen dute asteburuz asteburu ingurua ezagutu nahi duten guztiekin. Bisitariengandik ere asko ikasten dute.
Geoparkean egiten diren bisitetan noiz hasi zineten lanean, eta zer egiten duzue?
Violeta Vazquez. Hasieratik hasi nintzen lanean Geoparkean, eta bisita kulturalez eta esperientziez arduratzen naiz. Nire lana gure ondarea, gure historia eta Geoparkearen barruan inguru honetan garatu den bizitza ezagutaraztea da. Historikoki egon diren jarduera garrantzitsuenen berri ematen dut, betiere, itsasoari lotuta.
Naiara Malabe. Hasieratik nago ni ere, Geoparkea izendatu baino lehenagotik. Bosgarren uda izango dut hau. Niri tokatzen zait naturaren partea: flyschak eta karstak bisitatzea, geologia. Bisitariari ingurua emoten diogu ezagutzera, zergatik daukagun hemen daukaguna azaltzen diogu.
Mutriku ondo ezagutzen duzue. Zer eskaintzen du?
N. M. Aitaren familia guztia ere mutrikuarra dut. Mutriku altxor txiki bat da, bai geologikoki eta bai kulturalki ere. Geologikoki, Nautilus interpretazio zentroa dago bertan. Han dauden fosilak ikaragarriak dira, balio handikoak eta oso arraroak. Mutrikuko zazpi hondartzetan topatutakoak dira. Hori flyscharen aldetik. Karstean sartzen bagara, barnekaldeko zonaldean, aparte arrezifeak, orain dela gutxi Kiputzen agertutako arrastoak dauzkagu, kobazulo pilo bat… Mitologikoki ere oso leku aberatsa da. Istorio pilo bat daude, eta urtero jendeak ekarpen pilo bat egiten du. Datozenek beti daukate zerbait kontatzeko. Ezagutza trukatze hori polita izaten da. Guk liburuetan irakurtzen duguna ezagutzen dugu, baina sarri ekarpen horiek oso aberasgarriak dira, balio erantsia emoten diote Geoparkeari.
Eta horiek kontakizun horiek jasotzen dituzue nonbait?
N. M. Bai, eta hurrengo bisitetan kontatu.
V. V. Arte ikuspuntutik, Mutrikuko alde zaharra monumentu multzo izendatuta dago. Altxor asko daude, jauregiak… Bereziki bi gauza aipatuko nituzke, bat oraindik ezagutzera emateko dagoena: Astigarribia. Ermita itxuraz txikia dauka, baina oso berezia, historikoki zer garrantzia izan duen kontuan hartuz gero. Deba ibaia Gipuzkoa mailan gune inportantea izan da, bai ekonomia aldetik, bai historia aldetik. Gaur egunean, Astigarribiara joaten garenean, ematen du auzo bat dela, baina ez da hala izan. Gune estrategikoa zen. Bigarrena Bentalekua da. Maila etnografikoan gure iragan hurbila da, XX. mende hasierakoa. Zoritxarrez galtzen ari garen arrantza munduaren azkan arrastoetakoa da.
Eskaintza berri bat arrantzari lotutakoa da: Flyscheko portuak.
V. V. Gure arrantzaren historia zelakoa izan den kontatzen dugu orokorrean. Baxurako flotarekin amaitzen dugu bisita. Hiru gai ikutzen ditugu, ezberdinak, baina oso lotuta daudenak: Zumaian ontzigintza, Deba bailaran merkataritza eta Mutrikun arrantza.
Azaldu pixka bat bisita berri horretan zer egiten duzuen.
V. V. Zumaiatik irtetzen gara, itsasontziz, Deban merkataritzaren, Antzuolako portuaren eta bainuetxearen gainean hitz egin eta Mutrikura joaten gara. Portura sartzen gara. Balearen arrantzaren nondik norakoak azalduta, jendeak txalupa utzi eta ordubete dauka herrigunea-eta ezagutzeko. Itsasontzira bueltatzen gara berriz, eta kontserbagintzaren gainean ere jarduten dut. Bi dokumentu zahar dauzkagu garapena azaltzeko. Bueltan, flyschak zer diren azaltzen joaten gara gainetik, puntu garrantzitsuenen berri ematen.