DBH 3, DBH 4 eta batxilergoko neska-mutilek udaleku ibiltarietara joateko aukera edukiko dute uda honetan be. Barnetegixe Hezkuntza Taldeak
uztailaren 15etik 29ra arteko eskaintza dakar, Ondarroa-Goizueta-Ondarroa ibilbideagaz.

Iaz egin zuten modura, mendirik mendi egingo dute joanerako ibilbidea. Barrikuntza legez, baina, bueltako bidea kostaldetik egingo da, eta horrek ekimen ezberdinak egiteko aukera emongo die gazteei. Edozelan be, begiraleekin batera, gazteek eurek ahalko dute erabaki egunero zein ekimen egin nahi duten. «Danok daukagu erabakitzeko eskubide bera», azaldu du begirale batek.
Udaleku ibiltarietan zortzi begirale eta bi sukaldari egongo dira. Azken bi horiek furgonetaz egingo dute bidea.
Ekimena «gazteen arteko harremanak sortu eta gazteen arteko sarea osatzeko asmoagaz» eroango dute aurrera. «Autonomia landu eta talde lana egiten be ikasten dute, eta hori guzti hori naturagaz harremanetan».
Udalekuen gaineko zehaztasun guztiak emon asmoz,
guraso batzarra egingo du taldeak datorren astean. Apirilaren 24an egingo dute batzarra, 19:00etan, Kofradia Zaharrean.
Maiatzaren 17ra arte emon daiteke izena, ikastetxeetan, kiroldegian eta Gaztelekuan orriak eskuratuta. Inskripzioa 150 euro-200 euro artekoa da.