Zapatuan izango da batzarra,
18:00etan,
kultur etxean; herritarrei dei zabala egin zaie parte hartzeko. Batzarraren helburua maiatzaren 1eko sindikatuen manifestazioak gainditu, eta herritarren erantzun bateratua antolatzea da.
«Sindikatuen planteamenduak gaindituz, herri eragile eta pertsona ezberdinengana hurbildu gara», kontatu dute herri asanbladako kideek. Egin duten harreman bira horretan, Lekeitioko 15 talde ingurugaz batu dira asanbladakoak. «Bakoitzaren behar izanen barri emon digute, eta horregaz batera, maiatzaren 1erako zer edo zer komuna egiteko ideia planteatzen aritu gara», jakin eragin dute.
Herri asanbladako kideek adierazi dutenez, helburua denen artean erantzun bateratua emotea da. «Beste herri eta mundu eredu baten aurrean edota murrizketen aurrean batzen eta aurre egiten dagoen jende desbardina batu eta danon artean erantzun zabal eta herritarra emotea da helburua», diote.
Guzti horren aurrean, herritarrek zeregin nagusi bi dauzkatela azaldu du herri asanbladak: Alde batetik, bestelako balore zein eredu batzuetan oinarritutako sistema barri bat eraikiteko ahalegina egiteko premia. Beste alde batetik, erakunde publikoei zuzendutako eskaerak egiten jarraitzea be helburu moduan markatu dute, hau da, «Madril eta Gasteiztik inposatzen dituzten murrizketen aurrean desobedientzia jarrera hartzea».
Arrazoi horiengatik, maiatzaren 1era begirako planteamenduak egiteko zapatuko batzarrera taldeak eta herritar guztiak gonbidatu dituzte, bertan denen artean ekimen bateratuak zehaztu eta horiek aurrera eroateko.