Hirutik hiru. Bizkaiak Gravn txapelketako partidu guztiak irabazi dizkio asteburuan Gipuzkoari, Donostiako Balda frontoian. Era horretan, finalerako txartela eskuratu dute mailarik maila.
Gazteen markagailua estu-estua izan zen amaieran. Berriatuko Eskolako Retolazak eta Markinako zesta-punta eskolako Mandiolak aurretik zeukaten sailkapena eskuratuta, eta «irabazteko partidua» zuten gipuzkoarren kontrakoa, Roberto Lekue Berriatuko eskolako arduradunak adierazi duenez.
Nagusiak, irabazteko premiaz
22 azpikoetan Ibai (Berriatuko eskola) eta Lekerika (Gernikako eskola) atera ziren Bizkaia ordezkatzen kantxara. Erraz irabazi zuten. Azkan markagailuak be argi erakutsi zuen hori. 35-20 Bizkaiaren alde.
Nagusien mailako partidua izan zen danetan gogorrena. Berriatuko eskolako Antxon eta Garaldek lan handia egin behar izan zuten Gipuzkoari irabazteko, eta urduritasun momenturik ez zen falta izan. Sailkapena jokoan edukita, Bizkaiko bikoteak bai ala bai irabazi behar zuen partidua. Zazpi tantoren aldeagaz nagusitu ziren azkanean: 35-28.
Datorren asteburuan finalaurrekoak jokatuta, finalak Gasteizen jokatuko dira, maiatzaren 5ean.
Txapelketan ibilbide ezinhobea ari dira egiten bizkaitarrak, daukaten maila ona erakutsiz. Orain dela astebukaera bi Arabaren aurka jokatu zuten, eta orduantxe be, hiru partiduak irabazi zituzten.