Plazatikan gaztetxera, sortu zen urte hartatik/zaletasuna irten da plazara gaztetxetatik… kantatu zuen Xabi Astigarraga mutrikuarrak. Eta arrazoi osoa zeukan. Hori erakutsi zuen zapatuan Mutrikun ospatu zen Plazatik Gaztetxera egunak: Bertsolaritza eta gazteria elkartuta, oso indartsu daudela.
Mutrikuko, Markina-Xemeingo, Debako, Elgoibarko, Eibarko, Soraluzeko eta Mendaroko asanbladek antolatu zuten zapatukoa, eta Plazatik Gaztetxerako urte batzuetan parte hartu zuten Ondarroako eta Zumaiako asanbladak be egon ziren Mutrikun.
Eguerdian elkartu ziren gazteak Mutrikuko gaztetxean, eta triki poteoan herriko tabernetan ibili ziren gazte asanbladetako kideak.
Gaztetxean bazkaldu zuten gero, eta bapo jan ostean, asanbladen arteko jolasak egin zituzten. Jokoak «originalak» izan zirela diote gazteek, eta «itzel» pasatu zutela.
Egun guztian jende gehien batu zuen ekimena Plazatik Gaztetxera txapelketan urtez urte txapeldun izan direnen saioa izan zen. Oholtza gainean hamabi bertsolari eta gai-jartzailea, ilara bitan jarrita, eszenatokian ia kabitu ezinda. Urte bakoitzeko txapelketako irabazleak hurrengoak: Iñigo Izagirre (2002), Iñaki Apalategi (2003), Oihana Bartra (2004), Xabi Astigarraga (2005), Gorka Ostolaza (2006), Agin Rezola (2008), Jokin Labayen (2008), Unai Gaztelumendi (2009), Ander Lizarralde (2010), Ane Labaka (2011) eta Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal (2012).
Saio berezia izan zen inondik inora. Izan be, ariketa desberdinak jarri zizkien Eneko Arrate gai-jartzaileak bertsolariei. Bertsotarako ariketak kartulinetan, arropak bezala eskegita zeuden gaztetxean, eta publikoak aukeratzen zuen kartulinako gaiari kantatu behar izan zioten bertsolariek. Hau da, hasierako agurrak amaieran kantatzeko aukera zegoen, edo amaierakoak hasieran.
«Hobeto ezin!», esan zuen gai-jartzaileak, lehenengo kartulinan hasierako agurrak jartzen zuela ikusita. Horrela hasi zen saioa, eta ariketaz-ariketa egin zuen aurrera. Batean, egoera jakin bati kantatuz, hurrengoan gertaera bat zein urtetan gertatu zen asmatuz, barre eragiteko jokoa… denetik eduki zuen bertso saioak. Jendeak txalo zaparradaz eta barre algaraz eskertu zuen bertsolariek egindako beharra.
Gauean, Pixontxis eta Dzaust- musika taldeen kontzertuekin amaitu zen 2013ko Plazatik Gaztetxera eguna.
Antolatzaileek baloraziorik oraindik egin ez badute be, edukitako harreragaz «oso pozik» daudela adierazi dute. «Egun itzela izan da», adierazi dute.
Aurtengo Plazatik Gaztetxera Txapelketa bariku gabean hasiko da Debako gaztetxean.