Pashmina gorria beharragaz irabazi du idazleen atala. Epaimahaikideek adierazi dutenez, “iradokitzailea eta exotikoa” da beharra. “Asmatu du tonuan, ideiak irudikatzeko moduan eta eguneroko itxura emateak ere laguntzen du horretan, sinesgarriago egiten, alegia. Aldeko du darabilen hizkuntza ederra eta irudi ugariak.”
Egiguren arkitektoa da lanbidez, eta hirigintza alorrean egiten du beharra. Literatura zaletasuna du, eta irakurtzea nahiz idaztea, biak, oso lotuta bizi ditu. Hainbat literatur lehiaketetan parte hartu du, eta zeinbait sari jaso ditu. Besteak beste, Lasarte-Oriako XXVI. Poesia Saria eta Pasaia Hiria XVI. Poesia Saria (2012). Azken honen bidez kaleratu du bere lehen poema bilduma Hirigrafiak eta Paisaiagramak.
Sarien bidez argitaratutakoaz gain, aldizkarietan kolaborazioak egin ditu. Abbadia Eremuko Nekatoenea egoitzan 2012ko urrian idazle egonaldia egiteko hautatua izan zen Lore bakanak eta beste poema batzuk egitasmoagaz.