Berriatuko San Gregorio Jaiak, abian
Kaxero Gaupaserok emon ohi die Berriatuko Sangregorioei hasiera; hori, baina, maiatzaren 3an izango da. Egun hori heldu orduko, motorrak berotzen joateko aukera anitz izango ditu berriatuarrak; izan be, beste behin, ekintzaz beterik dator sangregorietako egitaraua Berriatuara.
Ohiko ekintzak eta barriagoak. Musika eta dantza. Kirola eta jokoak. Hori guztia eta gehiago bilduko dute San Gregori jaiek datozen egunetan. Gaur emongo diote hasiera egitarau zabalari, eta maiatzaren 12an, ostera, agurtuko dituzte datorren urtera arte. Bitartean, ez du aspertzeko astirik izango herriko ume zein nagusik.
Gaur eta bihar, esaterako, musikaz eta kirolaz gozatzeko aukera izango da Berriatuan; Tarine Musika Eskolaren emonaldia eta Satorzulo gaztetxeko kontzertuak izango ditu aukeran herritarrak, eta, horregaz batera, Berriatuko futbol taldearen partidua be ikusi ahalko du.
Zapatuan, ostera, nekazal eta arrain kontserba azoka bisitatu ahalko da goiz partean, eta eguerditik aurrera, ostera, gazteen txanda izango da, Gazte Egunagaz gozatzeko. Ekintza horiek, baina, sangregorioak indarrez hasteko motorra izango dira; maiatzaren 3an emongo baitiete hasiera ofiziala Berriatuko jaiei, Kaxero Gaupaseroren jaitsieragaz eta Sarats dantza taldearen txupinagaz.
Hala, jaiak amaitu bitartean, kontzertuak, hainbat kirol ekintza –zesta punta, sokatira, futbola, dantzak eta Mountain Bike martxa, besteak beste–, umeentzako zein koadrilentzako jokoak, tailerrak, antzerki saioa eta play-back-a eskainiko ditu Berriatuak, beste hainbaten artean.
II. Bideo-joko txapelketa
Aurten be, sangregorioetako egitarauan ez da faltako ohitura bihurtu den paella txapelketa; hori, maiatzaren 5ean izango da. Horrez gain, estreinakoz iaz antolatutako bideo-joko txapelketan parte hartzeko aukera izango da aurtengo jaietan be.