Enplegurako aukerak sortu eta eskualdeko jarduera ekonomikoa bultzatzea helburu hartuta, martxan dago Debabarreneko Enplegu Plana.
Debegesak eta Soraluzeko, Eibarko, Elgoibarko, Mendaroko, Debako eta Mutrikuko udalek egin dute plana elkarlanean.
Planak bi egitasmo jasotzen ditu bereziki Eibarren ezartzeko – prestakuntza eta kontratazioa–, eta beste proiektu bat Soraluzen garatzeko –prestakuntza–, bi udalerri horietan langabezia datuak altuak baitira.
Ekimenak 424.288 euroko kostua dauka guztira: %85 Lanbidek jarriko du, 360.645 euro, eta udalek gainerako %15a: 63.643 euro.
Enplegu planak bederatzi prestakuntza ikastaro espezializatu eskainiko ditu langabezian dauden 129 pertsonarentzat. Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten lagunek lehentasuna izango dute. Ikastaroak apirila eta iraila bitartean emango dituzte. Hautagaien aukeraketa Lanbidek egingo du.
Debabarrenean langabezian daudenen %70 kualifikaziorik gabeko pertsonek osatzen dute: hau da, lehen mailara arteko edo batxilergora arteko ikasketak dituzte. Datuek ageri-agerian uzten dute langabeziaren ondorioak gehien sufritzen dituztenek «premiazkoa» dutela prestakuntza hobetzea, lanerako aukerak handitze aldera.
Horregatik guztiagatik, ikastaroetan parte hartzeko ezinbestekoa da Debabarreneko eskualdean bizitzea edo bertan erroldatuta egotea, eta Lanbiden enplegu-eskatzaile bezala izena emanda egotea. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Eibarko bulegora (943-127 239) edo Elgoibarko bulegora (943-744 425) jo dezakete, edo nahi izanez gero, www.lanbide.net atarian kontsultatu ahalko dute.
Ekintzaileei laguntza
Enplegu planak, gainera, autoenplegua eta enpresa proiektu berrien sorrera bultzatuko du. Hori lortze aldera, enpresa berrien sorrera bultzatzeko zerbitzua indartuko du Debegesak, sektore estrategiko eta merkatu-hobi berrien arloan.
Horretarako, Debegesak eragileei laguntza eskainiko die negozio-ideiaren analisia, bideragarritasun azterketa eta txosten ekonomiko-finantzarioa egiterako orduan; eta aholkularitza ere eskainiko die enpresa proiektua martxan jarri dezaten: hala nola, eman beharreko pausoak, laguntza eta diru laguntzen gaineko informazioa, finantzazio formulak, itunak…
Garapen agentziak urte askotako eskarmentua dauka arlo horretan. Ekintzaileei laguntzeko zerbitzua aspalditik dago martxan Eibarko bulegoetan. Bertan, enpresa proiektu berriak abian jartzeko doako aholkularitza eta informazioa ematen dute. 2012. urtean, esate baterako, 172 kontsulta jaso zituen, eta 22 enpresa berri eta 33 lanpostu sortzen lagundu zuen.
Ikastaroak
- 18 plaza. Garapen tekniko-pertsonala eta gaitasun ekintzailearen garapena lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat.
- 15 plaza. Eraikuntza sektorean lan-esperientzia duten pertsonen prestakuntza.
- 12 plaza. Ibilgailu hibrido-elektrikoen interbentzioa.
- 12 plaza. Automatizazio industrialeko sistemen proiektuen garapena.
- 25 plaza. Nazioarteko merkataritzako prestakuntza teknikoa.
- 10 plaza. Animaliekin lagundutako interbentzioetan teknikari eta aditua
- 6 lagunen prestakuntza eta kontratazioa (Eibarko proiektua). Merkataritza sektorearen berkualifikazioa.
- 16 plaza (Eibarko egitasmoa). Garapen tekniko-pertsonala eta gaitasun ekintzailearen garapena lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat.
- 15 plaza (Soraluzeko proiektua). Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa eta laguntza psikosoziala ematea.