«Ezin sinistuta». Horrelantxerik daudela diote Ondarroako Arraun Taldeko gazteak. Izan be,
Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako batelen txapelketa irabazi dute, mutiletan. Txapelketa atzo jokatu zen Camargo uretan (Kantabria, Espainia) eta ondarrutarrek «maila ona» eman zutela esan dute hainbat hedabidek.
Amegroveko (Galizia) taldeagaz lehiatu behar izan zuten ondarrutarrek azken txanpan baina Saray Caamaño patroi duen taldeak gogor egin zuen arraunean eta lehenak izan ziren helmugaratzen.
Bada, banderak Ondarroara ekarri eta gero, batelen denboraldia «ondo baino hobeto» amaitu dutela esan dute arraunlariek. «Denboraldia oso ona izan da. Ezin zitekeen onagoa izan. Hiru bandera lortu ditugu eta oso pozik gaude. Ezin sinistuta gaude». azaldu du Saray Caamaño patroiak.
Estropada egin aurretik «ilusioz» zeudela be gaineratu du. «Zer edo zer lor genezakeela uste genuen. Baina Espainiakoa zail ikusten genuen, galiziarrak aurkari gogorrak ziren eta. Hasi orduko guztiek aurrea hartu ziguten, baina dena eman genuen eta lehenak izan ginen helmugaratzen. Irabazleak ginela konturatu ginenean zur eta lur geratu ginen».
Garaipena garrantzitsua dela be azpimarratu dute arraun elkartekoek. Izan be, urte askoan, Ondarroak ez ditu hiru bandera batera eskuratu.
Trainerillen txapelketa, bihar
Batelen txapelketa amaituta, bihar trainerillen txapelketari ekingo diotela azaldu du Caamañok. «Bihar Lekeition hasiko da trainerillen txapelketa eta horretan be dena emango dugu».
Lortutako banderak Ondarroan ipinita, beste bandera gehiago eskuratzeko eta herrira eroateko indarrez daudela diote arraunlari gazteek.