Ondorengo belaunaldiei munduko baliabideen gainean daukaten eskubideen aitortza aldarrikatzea du helburu MunduMOB ekimenak. Funtsean, ekimena bera dantza koreografiatu bat da, eskualdez eskualde edota herririk herri egingo dena. Kantaren
letrak mezua zabalduko du eta
koreografiak herritarrei parte hartzeko aukera emango die. Ekimena Orendainen (Gipuzkoa)
hasiko da, maiatzaren 4an,
eta Donostian amaituko da, ekainaren 8an.
Mutriku Zero Zabor Taldeak ekimenagaz bat egin du eta
Mutrikun ere MunduMOB ekimena egingo du, maiatzaren 24an, 20:00etan, Xiri parkean.
Aurretik ostera,
entseguak egingo dira: maiatzaren 3an, 10ean eta 17an, 19:30ean, Beheko Plazan. Aurretik, ostera, MunduMOB ekimena herrian lantzeko sortu diren batzordeek talde eragileekin batzarra egingo dute, eguenean (maiatzak 2), 19:00etan, Luardon.
Ekimenagaz bat egin eta babesteko edota helburuetara atxikitzeko hainbat modu daudela gaineratu du Mutriku Zero Zabor Taldeak. “MunduMOB ekimenean d
antza koreografiatuan zuzenean parte hartu dezakete herritarrek, ekimena lantzeko
herrian sortuko diren batzordeetan parte hartuz eta bertan parte hartzera dei eginez,
sustapen ekintzetan parte hartuz (bideoak, iragarkiak…),
atxikimendua publikoki agertuz edota
informazioa inguruan zabalduz eta gainerako herritarrei parte hartzera dei eginez“.
Mutrikuarrek ez eze,
gainerako herritarrei ere ekimenetan parte hartzeko dei egin die Mutriku Zero Zabor Taldeak. “Ekimena Mutrikun egingo da baina gainerako herrietako herritarrek ere parte hartu dezakete, komeni gainera!. Zenbat eta jende gehiago izan, orduan eta hobeto”.
Zero Zabor Taldearen esanetan,”azken mendeko garapenkeri itsuak eta batzuen aberastasun gose aseezin eta egoistak egun inork ukatzen ez dituen kalteak sortu ditu, hala nola beroketa globala, natur baliabideen gain-ustiapena, zabor pilaketa eta abar”. Horren aurrean bi jarrera har daitezkela gaineratu du taldeak: baikorra eta ezkorra. “Zero Zabor mugimenduak beti eutsi dio baikortasunari, edukiz betetako baikortasunari. Nahi badugu eta ahalegin hori egiteko prest baldin bagaude, mundua hobera alda dezakegu”.
Bada, MunduMOB ekimenagaz, munduaren oinarriak gizarteratu eta indarrean jarri nahi dituela azaldu du Zero Zabor taldeak. “Ekimen honen bidez oinarrizko printzipio bat aldarrikatu eta ekintza praktikoak horren arabera gara daitezen eragin nahi dugu.
Mundua, aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubdiea daukagu guztiok, eta eskubide hori berma dadin, hurrengo belaunaldiei mundua jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra daukagu“.