
Isuntzako seniorrek bigarren postua lortu dute Lekeition egin den estropadan. Zierbena C taldea izan da helmugako baliza zeharkatzen lehenengoa, baina Isuntzari alde oso txikia atera dio, 29 ehuneneko aldea hain zuzen be. Lehenengo taldeak 15:04,65 eko denborarekin bukatu du estropada.
Lehia bizia izan da Bizkaiko trainerilen ligako hirugarren estropadan. Lehenengo hiru taldeak segundu bat baino gutxiagoko aldearekin iritsi dira helmugara. Hirugarren postua Zierbenako B taldeak lortu du. Azken honek, lehenengoak baino 00:00,66 ehuneneko gehiago behar izan dituelako helmugara iristeko.
Urdaibai A taldeak laugarren postua eskuratu du 15:11,75ko denborarekin eta Ondarru B taldea berriz bostgarrena izan da. Ondarrutarrak, Urdaibai A baino 00:20,41 segundu beranduago iritsi dira helmugara.
Lekeitioko estropadako emaitzen ostean, talde lekeitiarra sailkapeneko goiko postuetan kokatzen da. Gaurko estropadaren balorazio oso positiboa egin du Josu Aboitiz Isuntzako etrenatzaileak. «Txapelketa honek ez dauka garrantzia berezirik baina taldea probatu eta Bizkaiko txapelketarako erritmoa hartzeko oso ondo datorkigu» gaineratu du Aboitizek.
Mundaka, Elantxobe eta Artibaiko taldeak be izan dira Lekeition. Mundakako A taldea izan da beste kluben artean gorengo postua eskuratzen lehenengoa. Elantxobeko A taldeak Mundakaren atzeko postuan bukatu du.
Gazteen mailan Portugaleteko taldea izan da garaile. Eskualdeko taldeen artean aipatu beharra dago Ondarroako A taldeak seigarren postuan bukatu duela maila honetan. Ondarroako B talde aldiz, zazpigarren postuan ailegatu da azken balizara. Lea-Artibai eta Busturialdeko beste taldeek ez dute gazteen estropadan parte hartu.
Lekeitioko azken estropadan itsasoa aurreko estropadan baino bareago egon da.Aurreko egunetako itsasoaren egoera txarra dela eta, zapatuan estropadak bertan behera utzi behar izan zituzten.
Bizkaiko Trainerilen txapelketako laugarren jardunaldia maiatzaren 4ean izango da Plentzian.