Urtarrileko eta otsaileko euriteen ondorioz, Berriatua parean kaltetutako BI-633 errepideko zatia konpontzeko asmoa erakutsi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Hala, lan horiek egiteko prozedura abiaraziko du aurki.
Hain zuzen, euriteen ondorioz, 10 zentimetroko koska sortu zen aipatu errepidean. Arazoa behin-behinean konpontze aldera, arrakala nahasketa bituminosoarekin aglomeratu zuten, berotan; orain, berriz, behin betiko konponbidea emon gura dio aldundiak.

Horretarako, 49 metro luze izango dituen murrua eraikiko dute toki horretan, ainguraketa eta mikropiloteekin. Hala, aldea behin betiko orekatzea eta irristatzea lortuko luke.
169.400 euroko kostua
Bizkaiko Foru Aldundiaren presidentetzako diputatu eta bozeramale Unai Rementeria mundakarrak azaldu duenez, lan horiek burutzeko zortzi aste beharko dituzte eta horien kostua «169.400 eurokoa» izango da. Mundakako bizilagunaren arabera, aurki esleituko dituzte lanok. Ekainerako lanak bukatuta izatea aurreikusten dutela adierazi du Rementeriak.