Komandantzitik Portalerainon okupazioa mintzagai
Komandatzitik portaleraino ekimenaren barruan hitzaldia eta kontzertuak antolatu ditu Lekeitioko gazte asanbladak bariku honetarako. Horrez gain, Harlem Shake motako bideokliparen grabaketa be burutuko dute zapatu arratsaldean.
Bariku honetako egitarauarekin, aspaldian albo batera lagata izan duten Talatik Portaleraino ekimenari berriro kolpe dio Lekeitioko asanbladak.
Komandantzitik portaleraino
«Aurretik egin izan dugun moduan, barikuetan berriro hitzaldi eta kontzertuak antolatzen hasiko gara» azaldu du Ander Goikoetxea gazte asanbladako kideak. Izena aldatuta dator Talatik portaleraino, hemendik aurrera Komandatzitik Portaleraino izenarekin antolatuko dituzte hileroko barikuko ekintzak.
Aste honetan egingo dute lehenengo saiakera.Hasteko, Bilboko Okupazio Mugimenduko kideek okupazioari buruzko hitzaldia emango dute 18:00etan Barandiaran aretoan. «Hemendik aurrera okupazioaren gaiari garrantzi berezia eman gura diogu. Izan be, orain arte gaztetxea udalarekin hitzartuta lortzeko asmoa geneukan, baina orain beste bide batzuen bitartez lortzea be pentsatzen ari gara. Tartean okupazioaren alternatiba be lantzen ari gara, zelan ez» esan du Goikoetxeak. Barikuko hitzaldia, gazte asanbladako kideen formakuntzarako egokia izango dela pentsatzen dute asanbladako kideek eta beraz, interesa duen orori Barandiaranera gerturatzeko gonbitea luzatu die.
Egunari bukaera emateko, hitzaldia bukatutakoan, 21:00etan Lekeitioko Abian taldeak kontzertua eskainiko du Txalupa tabernan.
Gazte asanbladaren ekimenek jarraipena izango dute asteburuan eta zapaturako bideo berezi baten grabaketarako deialdia egin dute.
Gaztetxearen aldeko Harlem Shake bideoklipa grabatuko dute zapatuan 16:30ean plazan. Gaztetxearen alde plazara jeisteko deia egin dute, koreografia eta azalpenak plazan emango dituztela argitu dute gazte asanbladako kideek.
Aurrera begira be asanblada indartu eta gaztetxearen alde indarrak biltzeko ekintza gehiago antolatuko dituztela esan du Goikoetxeak.