Quad bat lapurtzen saiatzeagatik bost pertsona atxilotu dituzte, Ispasterren
Ertzaintzak jakinarazi duenez, gaur goizaldean bost pertsona atxilotu dituzte, ustez, quad bat lapurtzen saiatzeagatik, Ispasterren. Azaldutakoaren arabera, atxilotutakoak 18 eta 21 urte arteko herritarrak dira.
Iturri berak adierazi lez, 01:00ak aldera, herritar batek emon die abisua ertzainei, zenbait lagun motorren denda baten ondoan aparkatuta zegoen quad bat lapurtzen ahalegintzen zeudela azalduz. Lekukoaren arabera, ustezko lapurrek motorra mugitzea lortu dute, eta ertzainei abisatzerako unean, kalearen erdian zeuden, ibilgailua martxan jartzeko ahaleginetan.
Herritarraren abisua jasotakoan, baina, ertzainen patruila gertaeraren lekura bertaratu eta quad-a kalearen erdian aurkitu dute. Ertzainen arabera, susmagarriak auto batean alde egin dute, baina, gerora, udalerritik kanpo aurkitu dituzte.
Hala, autoan zioazen bost pertsonak identifikatu ostean, atxilotu egin dituzte, quad-a lapurtzen saiatutakoak direla egiaztatu ostean. Atxilotutako bost lagunak ertzain etxera eroan dituzte, egin beharreko tramiteak burutzeko.