Uztailaren 1etik aurrera Mutrikuko Udalak kudeatuko du kiroldegia
Mutrikuko Udala eta Kirolberri enpresaren arteko kontratua bukatzean, udalak kiroldegiaren kudeaketa bere gain hartuko du. Azken urteetan Kirolberri enpresaren esku egon da kudeaketa eta ekainean kontratua bukatuko zaio. Epe horretatik aurrera, udal teknikaria izango da gestioa egitearen arduraduna.
Kiroldegiaren kudeaketa udalaren esku geratzearen arrazoi nagusia gastua gutxitzea dela esan du udalak. «Kirolberrik egindako lanarekin gustora egon arren, kanpo enpresa batek kiroldegia gestionatzeak eskatzen duen inbertsio ekonomikoa handiegia da udalarentzat» adierazi du Iban Arrunategi kirol batzordeburuak.
Uztailaren 1etik aurrera ezarriko den aldaketa honekin, 2013an 16.000 euro aurreztea aurreikusten du udalak.
Eskaintza berdinari eutsi
Kudeaketan aldaketak egongo diren arren, udalak orain arteko eskaintza berari eusteko asmoa azaldu du. Horrez gain, herritarrek onurak izango dituztela aurreratu du udalak. Izan be, asteburuetan kiroldegia zabaltzea aztertzen ari dira Mutrikun.
Kirol federatuetan aritzen direnek be onurak izango dituzte udalaren arabera, ez dutelako kiroldegia erabiltzeagatik ordaindu behar izango.
Uztailaren 1etik abuztuaren 14ra bazkideek txartelak berritzeko aukera izango dute. Epe honetan asteburuetan oraindik kiroldegia itxita egongo da.
Irailean berriz, kiroldegiaren eskaintza oso jarriko dute martxan. Eskeiniko diren zerbitzuen kudeaketa enkantera aterako du udalak. Zerbitzuen kudeaketa enpresa baten esku egongo den arren, orain arteko langileak mantendu gura ditu udalak.