
Iosu Angoitia txirrindulari markinarra
Pedalen gainean hazi da Iosu Angoitia Ugartetxea (Markina-Xemein, 1995). Etxetik datorkio txirrindularitzarako zaletasuna, eta gaztea bada be, hasi da lasterketetako helmugako marrara lehenengo heltzen. 18 urte ditu eta gazteen mailan ari da parte hartzen Angoitia, Specialized Fundacion Alberto Contador taldean. Ikasketak be kirolera bideratutakoak aukeratu ditu txirrindulari gazteak. Izan be, kiroleko hezkiketa zikloa ikasten hasi da Durangoko Istitutuan.
Sekulako denboraldia egiten ari zara. Zeintzuk dira azken aldian egin dituzun lasterketak?
Azkena asteburuan eduki nuen Comillasen (Espainia), eta laugarren egin nuen. Baina eduki dudan azken lasterketa garrantzitsuena Donostian jokatu zen orain dela aste bi: Gipuzkoako Klasika. Lasterketa horrek Espainiako rankinerako puntuazioa ematen du. Beste lasterketa askok be emoten dute, baina Gipuzkoako Klasika da punturik gehien emoten duena. Gainera, selekzioka jokatzen da eta, jakina, ni euskal selekzioagaz aritu nintzen. Oso gustura amaitu nuen, seigarren postuan, eta Espainiako rankinean be hamargarren geratu nintzen. Lasterketa hori estatu mailan dagoen garrantzitsuenetarikoa dela esan daiteke. Beraz, gustura-gustura.
Horren aurretik Udaberri Saria irabazi zenuen eta Tabira Sarian be hirugarren egin zenuen. Zelan sentitu zinen?
Durangoko lasterketan nahiko errez ibili nintzen. Igoeretan nabarmendu nintzen gehien, bosten barruan ibili bainintzen. Halanda be, lauan oraindino gehiago emotea falta zait onenen artean egoteko.
Zelakoa da zuen denboraldia?
Martxoan hasi eta urrian amaitzen da gure denboraldia. Egun bateko lasterketekin hasten da, eta gero itzuliak etortzen dira. Gure mailan itzuli gitxi dago, baina gure taldea danetara joango da. Beraz, aukera badaukat, baina oraindino ez dakit zeinetara joango naizen.
Txirrindularitzan hasi zinenetik, zein lasterketa da nabarmenduko zenukeena?
Iaz jokatu nuen bat, Besaiako itzulia, Kantabrian (Espainia) jokatzen dena. Horra leku askotako txirrindulari onenak joaten dira: espainiarrak, errusiarrak, frantziarrak… Iazkoan bederatzigarren amaitu nuen eta oso gustura bueltatu nintzen lortutakoagaz. Itzulirik gogorrena da eta horrek be garrantzia emoten dio bederatzigarren postuari.
Non esango zenuke nabarmentzen zarela lasterketetan?
Igoeratan.
Eta zure ahulezia zein dela esango zenuke?
Jaitsierak. Oraindik landu egin behar ditut.
Hemendik aurrera zein lasterketa dator?
Lehenengo Trofeo Victor Cabedo jokatuko dugu Castellon (Herrialde Katalanak). Hori pasatu ostean, itzuliak prestatzen hasiko gara: Besaiako itzulia, Bizkaiko itzulia, Kantabriako zirkuitua, Errioxako itzulia… Horretaz aparte, ziurrenez abuztuan Italiara be joango garela esan digute. Gure taldea bera badoa, baina joango direnen artean sartu behar naiz orain.
Zeuk aurtengorako daukazun erronka zein da?
Bizkaiko itzulian podiumean egotea da nire aurtengo erronka. Ekainean jokatuko da itzulia, hilaren 4tik 7ra. Asko gustatuko litzaidake hor egotea, ilusio handia egingo lidake.
Etorkizunean txirrindularitzagaz jarraitzeko asmoa al daukazu?
Bai, ahal bada, bai. Gaitza da, baina behintzat ahalegina egingo dut. Gustatuko litzaidake behintzat.
Zure amets bat?
Frantziako Tourrera joatea izango litzateke amets bat, Tourreko irteeran egotea.