Urtza Alkorta Langraitzen kartzelaratu dute eta ondo dagoela esan du
http://www.youtube.com/watch?v=ut54pzJ8HOY
Atzo, 10:00ak puntuan, Urtza Alkorta ondarrutarra atxilotu zuen Ertzaintzak, Ondarroako Plaiko Zubian. Iragarrita zegoen moduan, herri harresiak babestu zuen Alkorta. Ehunka ertzainen aurrean, herritarrak ez ziren kokildu, eta Aske Gunearen filosofiari jarraituz, modu baketsuan erantzun zuten. Ertzaintzak bestelako jarrera erakutsi zuen; jarrera bortitza, alegia. Polizia operazio bortitzaren ostean, Langraizko kartzelara eroan zuten Alkorta. Gazte ondarrutarraz gain, beste bi lagun atzeman eta zortzi identifikatu zituen poliziak. Zaurituak hainbat izan ziren.
Maiatzaren 15ean, 10:00ak puntuan, Urtza Alkorta ondarrutarra atxilotu zuen Ertzaintzak, Ondarroako Plaiko Zubian. Iragarrita zegoen moduan, herri harresiak babestu zuen Alkorta. Ehunka ertzainen aurrean, herritarrak ez ziren kokildu, eta Aske Gunearen filosofiari jarraituz, modu baketsuan erantzun zuten. Ertzaintzak bestelako jarrera erakutsi zuen; jarrera bortitza, alegia. Polizia operazio bortitzaren ostean, Langraizko kartzelara eroan zuten Alkorta. Gazte ondarrutarraz gain, beste bi lagun atzeman eta zortzi identifikatu zituen poliziak. Zaurituak hainbat izan ziren.
http://www.youtube.com/watch?v=U6FNDGLZkz8
05:00etan hasi zen dena. Aurreko egunetan ez bezala, atzo ertzainek ez zuten bisitarik egin ordu horretara arte. Susmoa 06:00etan agertuko zirela zen, eta zurrumurru horren aurrean Aske Guneko antolakuntzak 05:00etan Alamedako karpan batzeko deia egin zuen. Herritarrek ordua fin-fin errespetatu, eta 05:00etan Alamedako karpa gainezka zegoen. Baina, nobedaderik ez zegoenez, zain geratu ziren.
Itxaronaldia luze joan zen. Baina karpan bildutakoek umoreagaz egin zioten aurre. Irribarrea ahoan zutela, beranduago gertatuko zenaz ez pentsatzen ahalegindu ziren. Besteak beste, herritarrekin batera zeuden Unai Urruzuno, Maribi Ugarteburu eta Laura Mintegi legebiltzarkideak. Ondarrutarrari babesa emateaz gain, espetxeak husteko garaia zela aldarrikatu zuten hiruek.
Politikariek egin modura, ELA, LAB, Eilas eta beste hainbat sindikatuk be euren babesa erakutsi zioten Alkortari. Ertzaintza, gerturatzen
05:30ak aldera, Ertzaintzaren furgoiak inguruan batera eta bestera zebiltzala adierazi zuten bozgorailuek. Alerta horren aurrean, azken egunetan hainbeste aldiz planteatutakoa praktikara eroan zuten herritarrek.
Furgoiak gerturatzen ari zirela esateaz gain, errepidetik ez ezik, Ertzaintza itsasotik be bazetorrela iragarri zuten bozgorailuek. Mezua entzutearekin batera, Alamedan bildutakoak harridura aurpegiagaz begiratu zioten elkarri, baina horrek ez zuen inor izutu; «Uretara erortzen bagara haiek jasoko gaituzte», zioen batek edo bestek.
06:45ean, euripean, herritarrek inoiz baino tinkoago eta pauso sendoagoz igo zituzten Plaiko Zubiko eskailerak. Alkorta izan zen lehenengotarikoa igotzen. Txalo artean, zubiaren beheko aldean zeudenak agurtu zituen. Aurreko egunetan be keinu hori behin eta barriro egin izan badu be, atzokoa azken agurra zen, zalantza barik.
Alamedan bildutakoak hain izan ziren asko, ze zubia di-da baten bete zen. «Herritar asko zubitik kanpo geratu dira, eta horiei zubiaren eskailerapean jartzeko gonbitea egiten diegu», esan zuten antolatzaileek. Esan eta egin. Zubia eta eskailerak bete-beteta zeudela, furgoiak bata bestearen atzetik hasi ziren agertzen. Ez ziren hamar. Ezta hogei be. Gehiago ziren. Begiratu hutsean ikara ematen bazuen be, herritarrek euren filosofiari eutsi zioten.
Operazioaren hasiera
Ertzainek Alameda, zubiaren beste aldea, Itsasaurre plaza eta inguruak hartu zituzten. Alkortaren aurka zuten atxilotze agindua irakurri ostean, herritarrei harresitik borondatez irtetzeko gonbitea egin zieten; baina inor ez zen zubitik mugitu. 08:00etan hasi ziren ertzainak herritarrak banan-banan euren lekutik mugiarazten eta zubira igotzeko pasabidea zabaltzen.
Argia Ituarte Ondarroako alkatea lehenengotarikoa izan zen gunetik irteten. Bi ertzainek helduta, Ituarte gogoz kontra apartatu zuten, tatarrez.
Besteek txistuak jotzen zituzten bitartean, Ertzaintzak joku beragaz jarraitu zuen. Gutxinaka, bidea egiten joan ziren poliziak, askotan modu bortitzean. Mintegi, Urruzuno eta Ugarteburu, bien bitartean, herritarren segurtasuna bermatzen saiatu ziren. Baina haiek be denetik entzun zuten ertzainen ahotik.
Aske Gunea «modu baketsuan» desegin nahi zutela iragarri zuten aurreko egunetan. Baina baketsutik ezer gutxi eduki zuen atzoko operazioak. Banan-banan, kolpeka, herritarrak zubitik kanporatzen hasi ziren. Alkorta gero eta gertuago zegoen. Bi ordu behar izan zituzten Alkortarengana ailegatzeko.
Giza harresia inguruan zuela, Alkortak ez zuela inork gehiago sufritzerik nahi esan eta momentu baten borondatez aurkeztuko zela esan zuen. Ingurukoek geldiarazita, baina, Ertzaintza beregana ailegatu arte iraun zuen Alkortak zubian. Behin kolpe egin ziotenean, herritarrek ezin izan zuten geldi egon: txalo artean, malkoak isuri zituenik be bazen atzo Ondarroako Alamedan.
Ingurukoek animoak emoteko berbak bidaltzen zizkioten bitartean, furgoira sartu aurretik, Alkortak eskua goratu eta azken egunetan bizi izandakoa eskertu zuen. Eraman zutenean, herritarrak Ertzaintzaren aurrean jarri eta bigarren harresia egin zuten.
Herritar andana ikusita, ziztu bizian desagertu zen polizia. «Gaurkoan garaipena geurea da» esanaz, bildutakoak pozik baina triste geratu ziren. Alkorta jada ez zegoen herritarren artean.
ONDARROAKO ASKE GUNEA, AZKEN ORDUAK [nggallery id=42]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.