Alain Lersundi: "Gure borroka ez da politikoa; herri borroka da"
Gau eta egunez, Alain Lersundi (Ondarroa, 1988) ondarrutarra Aske Gunean egon da, bolondres modura lanean. Bost egunetan, ia sei, Aske Gunea izan da bere etxea. Eta orain, Alkorta atxilotu eta Ertzaintzak Gunea desegin duenean, Aske Guneko filosofiari eusten jarraitzen dio; fisikoki ez bada, psikikoki, Aske Guneak bizirik jarraitzen du.
Lehenik eta behin, nola zaudete?
Ondo eta pozik gaude. Herriak herenegun eman zuen erantzunagatik uste dugu irabazi egin diegula. Denek diote ez dugula ezer egin , baina han eta hemen daude gugatik berbetan. Beraz, zer edo zer egingo genuen ondo, gaia denen ahotan badago. Batzuk normalizazio egoera baten bidean goazela badiote be, gure kasua ez da hori. Guk hori eskatzen dugu, guk ere normalizazioa nahi dugu eta hau ez da bidea. Alde horretatik pozik gaude. Izan be, bestelako formekin, norbaiti min eman diogu eta gure gaia pil-pilean laga dugu. Gero, atzo Urtzak be deitu zuen eta ondo zegoela esan zuen, beraz, pozik gaude.
Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Ertzaintzaren jarreragaz “harro” dagoela esan du. Zer deritzozu?
Guk bideo bat atara dugu, non ertzain batek hamar metro baino gutxiagoko distantzia bategaz, armagaz herritar bat apuntatzen duena. Hori egunez eta hainbat komunikabide aurrean daudela egiten badu, gabaz gertatuz gero, zer gertatuko zen? Iñigo Cabacasena gertatu zenean noiz izan zen? Komunikabideak bertan zeuden? Nahi gabe izan zen? Harro dagoela esaten duenean zerri buruz hari da? Cabacasen heriotzagaz be harro al dago?
Iñigo Urkullu lehendakariak “gizartea alferrik tentsionatzea” egotzi dizue.
Hemen garbi dago ze gizartegatik ari garen. Nik Urkulluri galdetuko nioke ea bere burua non kokatzen duen, Euskal Herrian edo Espainian. Aske Gunearen filosofiagaz Euskal Herriko hainbatek bat egin dute (talde zei norbanako) eta lehendakariak, ustez Euskal Herri osoa defendatu behar duen horrek, Aske Gunearen filosofia arbuiatzen badu, beste behin ere EAJk bere ohiko jarrera hartu duela uste dugu. Madrilen menpe bizi dira. Nik hausnarketa egiteko eskatuko nioke. Aske Guneagaz bat egiten dutenak ez dira bakarrik Ezker Abertzalekoak. Ez dugu alderdi politikoak hemen sartuko. Herritarrak dira Aske Gunea eraiki dutenak, modu askotakoak. Eta guztiok behar dugu normalizazioa. Urkulluk “aho beteko indar metaketa” eduki dugula esan zuen atzo. Gu ez gara ez Ezker Abertzalea, ez Sortu, ez Bildu, ez Aralar… Ez dugu inongo alderdirik ordezkatzen. Herri moduan normalizazioa aldarrikatzen dugu. Eta gatazka politikoaren ondorioz ez dugula nahi horrelako beste egoera bat jasan, beste atxiloketarik jasan. Nik lehendakariari galdetuko nioke ea berak “indar metaketa” esaten duenean, beretzat zeintzuk dira “indarrak”? Espainia? Guk argi daukagu gure indarra Euskal Herria dela eta ez goazela kanpora indar bila. Gure indar metaketa hemengoa da. Gainera, lehenengo egunetik azken egunera, indar metaketa horrekin bat egiteko aukera mahai gainean eduki dute. Hasiera-hasieratik ateak zabaldu zitzaizkien bai EAJri, Beltrani,… Ongietorriak izango zirela esan genien. Gure moduak baketsuak dira, nahiz eta guk jakin eurenak zeintzuk diren, bistan geratu zen atzo.
PSE-EEko kide Jose Antonio Pastorrek Ezker Abertzaleak “eboluzio baikorra” eduki duela esan du. Zer deritzozue?
Guk onerako hartzen dugu hori, ona baita. Baina eurentzat ez da ona. Orain ez dakite gurekin nola sartu. Guk argi daukagu ez goazela gerrara. Guk gurea defendatu nahi dugu, beste barik. Horretarako, erresistentzia baketsuagaz jarraituko dugu. Baketsu esaten dugunean ez dugu pasibo esan nahi. Tinko eta gogor eutsiko dugu.
UPyDk Ondarroako zubi harresia “zirkoa” izan zela esan zuen. Erantzun nahi?
Zirkoa? Galdera horri zirkoa benetan egiten dutenek erantzutea gustatuko litzaidake. Zirko batek sekulako lanketa eskatzen du. Eta profesional asko daude zirkoan lanean. Beraz, lehenik eta behin hitzekin kontuz ibiltzeko esango nioke, errespetuz berba egiteko. Zirkoa esaten duenean herriak daukan onena ateratzeari deitzen badio, ederto, ados.
EH Bilduko hiru legebiltzarkide egon ziren atzo Ondarroan. UPyD-koentzat hori tamalgarria izan zen. Zuek euren babesa somatu zenuten?
Guk eskertu egin genuen eta beti esaten dugun moduan, politiko guztiak ez dira berdinak. Benetan ikustea postu horietatik eragin ahal dela egin positiboki baloratzen dugu. Urkulluk eta beste askok ez dute normaltasunez jarduten, ez dakizu robotak diren edo pertsonak. Ondarroako alkatea be harresitik nola atera zuten ikusteak argi erakusten du politikari guztiak ez direla berdinak. Argi dago zein jaisten den herrira eta zein geratzen den bere butakan eroso jarrita.
Besterik gehitu nahi duzu?
Argi laga nahi dugu borroka hau ez dugula nahi politizatu. Ez da borroka politikoa, herri borroka baizik. Eta bide horretatik, aurrera begira be, EAJ eta beste alderdi guztiei nahi dutenean normalizazioaren aldeko borroka honetara gehitzeko gonbitea luzatu nahi diegu. Guztiok batera borroka egitera gonbidatu nahi ditugu. Bestetik, Aske Gunean gertatutakoa momentu oro jarraitu duten hedabideei be eskerrak eman nahi dizkiegu.