Ezkerretik eskumara, Uribe, Aristondo, Bernedo, Plaza eta Urrutia, Drongenerds taldeko kideak
Errealitatea ulertzen izeneko lana sorterrian aurkeztuko dute hilaren 24an Ondarroako Drongenerds taldea osatzen duten Eihar Uribek (gitarra), Ruben Bernedok (ahotsa eta teklatua), Borja Plazak (gitarra), Aitor Aristondok (bateria) eta Iñaki Urrutiak (baxua). Kafe Antzokiko taula gainean ikusi ahalko da duela urtebete eta hilabete batzuk jaiotako taldea.
Begirada atzera bota eta taldearen sorrera gogoratuz, «batu eta sei hilabetera zuzeneko emanaldiak emoten» zeundela diote taldekideek. Hasierako emanaldi horietan euren zazpi abesti eta beste bost bertsio taularatzen zituztela azaldu dute. Lehenengo kontzertu hori Ondarroako Gaztetxean izan zen. «Gero, Orio, Elorrio, Kamiñazpi, Mutriku… etorri ziren. Jendeak ondo erantzun zuen. Talde barria ginen eta ez genuen diskorik, baina, orokorrean, plaza dotoreetan jo genuen, eta batzuetan jende asko batu zen; Mutrikun, esaterako».
Behin irailean sartuta, diskoa egiten murgildu ziren kideak. Izan be, taldeak lan bat kaleratu beharra zeukala uste zuten. «Jendeak eskuartean edukitzeko zer edo zer behar genuen. Guk egin genezakeena zer zen ikusteko diskoa egin behar genuen, eta horretan hasi ginen».
Hiru abesti gehiago egin eta hamar abestiz osatutako lana eraikitzen, egiten, hasi zen Drongenerds. «Berriatuan Aiumeen basoak eta Lau Monok duten lokalean sartu ginen. Lau Monoko Jon Iturrinok asko lagundu digu».
Estilo ezberdinak diskoan
Diskoak kideek musikaren munduan eduki duten ibilbidea irudikatzen duela diote. «Guztiok ibili gara modu batera edo bestera beti musikaren munduan. Punketik hasita, musika klasikoa be landutakoak gara. Gaur egun, gainera, zer edo zer berria eskaini behar da. Orokorrean, reagge nota gogorrak, rocka, melodia ilunak… Teklatua be sartu nahi izan dugu, ukitu ezberdina emoteko. Diskoak denetarik batzen du. Azken finean, guk errealitatea nola ikusten dugun erakutsi nahi izan dugu. Eta izenburuak argi dio hori».
Taldea. Drongenerds.
Diskoa. Errealitatea ulertzen.
Abestiak. Kondaira, Sabotaia, Denbora, Hirien egunak bukatzear daudenez, Izaki perfektua, Galduta senti, Ongi al goaz?, Errealitatea ulertzen, Non dago zure bidea eta Eremua.
Salgai. Herriko tabernetan, 5 eurotan.
Kideak. Eihar Uribe (gitarra), Ruben Bernedo (ahotsa eta teklatua), Borja Plaza (gitarra), Aitor Aristondo (bateria) eta Iñaki Urrutia (baxua).
Kontaktua. Kontzertuak lotzeko edota bestelako harremanetarako:
drongenerds@gmail.com.
Sarean. Youtube, Twitter eta Facebook (orrialdea).