Eusko Jaurlaritza eta Udalak Lekeitioko Edertze plana aurkeztu dute
Basquetour-Euskal Turismoaren Agentziako zuzendariak, Arantza madariaga eta Lekeitioko alkateak, Maiatane Larraurik, Lekeitioko Edertze plana aurkeztu dute. Bertan, Lekeitiok jomuga turistiko moduan daukan nortasuna zehazteko eta gainontzeko destinuetaz bereziteko, 51 ekintza zehaztu dituzte.
Larraurik txostenean zehaztutako ekintza batzuk aipatu ditu. Horien artean, 1880ko iturriak eraberritzea, Abaroa Jauregiko parkea erabilgarri jartzea, merkatu plazarentzako proiektua bat egitea garapen agentziarekin batera, Santa Elenako paseoa eraberritzea, saihesbidean libre geratzen den zatia oinezkoentzat moduan jartzea… Ekintza hauen bitartez, filosofia orokor bat zabaltzea gura du Lekeitiko Udalak.
Orain arte Edertze Planak hamar udalerritan burutu dira. Tartean, Mutriku eta Bermeon be egin dituzte. Madariagak aipatu duenaren arabera, Edertze Planak egin dituzten herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, herriaren arabera, baina metodologia guztia erabili dute guztietan.
Programa honen helburua plana egingo duten herrien zerbitzuen kalitatea hobetzea eta sendotzea dela esan dute.
Planaren arabera, Lekeitiok jomuga turistiko gisa baditu bere elementu indartsuak eta desitxuratzen dituen elementuak. Aldeko elementuen artean, itsasoa eta portua, gastronomia, euskalduna izatea eta hiri-erdigunean aipatu dituzte besteak beste. Desitxuratzen duten elementuak berriz, fatxada itsusiak edota egoera txarrean daudenak, irisgarritasun eskasa eta turismo interes guneak, herri guneak gaizki seinalizatuta daudela aipatu dute egindako aurkezpenean.
Edertze plan honen bitartez, herritarren bizimodu kalitatea hobetu, jasangarritasuna zaindu eta onura ekonomiko, sozial eta ingurumenari lotutakoa lortu nahi dute. Horrez gain, eragile publiko eta pribatuak etorkizuneko egitasmoan eta premietan arazoetan inplikatzearen beharrizana azpimarratu dute.
Larrauriren esanetan, Lekeitio honelako lan batean inplikatzea garrantzitsua da. Izan be, plan honen bitarteaz, kanpotik datorren jendearentzat hobekuntzak ezartzen diren aldi berean herritarrentzako mesedegarriak diren gauzak be burutzen dira.
Parte hartzea garrantzitsua
Horrez gainera, parte hartzea lantzeko be lagungarria izango dela esan du alkateak. Edertze Plana burutu ostean, ateratako txostena gero herritarrekin partekatu behar dutela adierazi du. «Txostenean agertzen dena herritarrekin eztabaidatuko dugu, guztion gustoko herria eraikitzeko».Parte hartzea bermatzeko lehenengo osatuta dauden parte hartze eremuak aprobetxatuko dituztela esan du. «Horretaz aparte, herritarrentzako aurkezpen bat egitea be pentsatu dugu. Bertan,ekintzak azalduko ditugu banan banan» adierazi du.