2011n eta 2012an itsasontziarentzako aurrekontua berdina izan da: urteko 35.000 euro. Diru horrekin itsasontziaren mantenurako beharrezkoak ziren interbentzioak egin zaizkio, teknikarien aholkuei jarraituz.
Horretaz gain, bi edo hiru urtero itsasontzia karrora igo izan da, errebisioa egiteko. Aurten errebisio hori egitea zegoen aurreikusita. Baina udalak adierazi duenez, azken urteetan itsasontziaren egoera txartzen joan denez, kubiertan dauzkan kalteez gain bitaren egoera be okertu da. Bita proan ontzia lotzeko zutoin bat da, goitik behera itsasontzia zeharkatzen duen zutabea. Bita hori apurtzera heldu da. «Itsasontzia kateetara eroan da bita dagoen egoeran egonda ekaitzen batek itsasontzia askatu eta portuan noraezean egotea eragingo luke eta», adierazi du udalak. «Hori gertatuz gero sortuko liratekeen kalteak izugarriak izango lirateke», gaineratu dute.
Guzti horrengatik, eta segurtasun irizpideei jarraituz, bisitak aldi baterako eten egingo direla jakin eragin du udalak.
Udalak hainbat pauso eman ditu konponbidearen bila. Hasteko erakundeekin harremanetan jarri da ondarearen biziraupena ziurtatzeko hitzarmena sinatuz.
Bestetik, garapen ekonomikoko udal batzordean proposamen desberdinak jasotzea bideratu da, eta herritarren ekarpenak be jaso dira.
Azkenik, ondarearen lan-taldearen barruan Ondarzabalen azpitaldea sortu da. Hurrengo bilera barikuan egingo da.
Udalak adierazi du prest dagoela herritar danen proposamenak jasotzeko, helburu nagusia itsasontziaren «biziraupena» delako.
Lekeitioko EAJk Udalean gobernuan dagoen Bilduren jarrera kritikatu du Ondazabal ontziaren inguruan, azken bi urteetan ontziaren oinarrizko mantenua «ez dela egokia» izan kritikatuz. «Arduratuta» daudela esan dute, ikusten dutelako jarrera horrek Ondarzabalen «hondoratzea» ekarriko duela.
2003tik EAJk Lekeitioko Itsas Ondare Zentroaren sorreraren alde egin zuela esan dute, eta horrela, urteetan itsaso ondarea berreskuratu eta mantentzea garatu dela adierazi dute, «gure itsas nortasunagaz lotura duten elementu bidez herriaren garapen sozioekonomikoa lortu nahian».
Bestetik, Ondarzabal desegitea edo hondoratzearei ekin baino lehen udalak itsasontzia Donostiako Untzi Museoari eta Bilboko Itsas Museoari eskaini dietela kritikatu dute, «herriari galdetu edo jakin eragin barik».
Horrela, azken urte bietan Ondarzabal ez dela «merezi moduan zaingu» esan dute, eta udala jo dute horren errudun. «Udalaren utzikeriak eta ezgaitasunak txundituta utzi gaitu», esan dute.