Artibaiko beteranoek Ribadeon jokatuko dute asteburuan
Galizako Ribadeo herrian antolatzen duten txapelketa batean parte hartuko dute. 39 taldek jokatuko dute eta Artibaikoak izango dira Euskal Herriko bakarrak. “Beste taldeak portugaldarrak, asturriarrak, galizarrak, madrildarrak… dira”, adierazi dute taldekideek.
Markina-Xemeingo taldetik 25 jokalari joango dira Ribadeora.
Zapatuan 39 talde horiek hiruko taldetan banatuko dituzte eta talde bakoitzak partidu bi jokatuko ditu. Horietan irabazi duen taldea domekan jokatuko diren partiduetara sailkatuko da.
Artibaiko beteranoen taldea 2008an sortu zen. “Artibaik 25 urte bete zituen, eta orduan alkartu ginen Athletic-eko eta Errealeko beteranoen kontra jokatzeko”, azaldu dute. Ordutik, domeketan alkartzen dira Barroetan. “Urtean zortzi partidu inguru jokatzen ditugu, eta urte amaieran, kanpora joaten gara txapelketaren bat jokatzera”, diote.
“Gure helburua ondo pasatzea da, beste jokalari batzuk ezagutzea eta giro onean futbolean jokatzea”, azaldu dute.