Aurrera Futbol Eskolak 2013-2014 denboraldia aurkeztuko du zapatuan, 18:30ean, Zaldupe futbol zelaian. Kirol elkarteko arduradunek 2002, 2003, 2004 eta 2005 urteetan jaiotako Ondarroako zein inguruko herrietako neska-mutil guztiei zein haien gurasoei dei egin die aurkezpenera joan daitezen.

Proiektua bera azalduko da ekitaldian, bai eta Futbol Eskolan parte hartzeko dauden arauak eta betebeharrak be. Horrez gain, guraso zein haurren galderei erantzungo diete.
Kirol elkarteak lehen denboraldiko helburuak gauzatutzat emoten ditu, eta talde ezberdinetako entrenatzaileek egindako lana guztiz positibotzat jo dute. Umeen garapen tekniko zein psikomotrizean ikusi ahal izan duten aurrerapenak eta garapen pertsonalean egon direnak hiru ezaugarri nagusitan ikusi ahal izan dituzte: jarrera egokia, futbol eskolarekiko konpromisoa eta berau osatzen dutenekiko begirunea eta etorkizunerako balioko dien ikasteko eta lan egiteko gogoa. Hobetu behar denik be badago: «Badaukagu zer hobetu, eta jakina da urtean ikusitako gabeziak hobetu behar direla hurrengo denboraldian», esan dute arduradunek. Halanda be, Aurrera Kirol Elkartea ziur dago proiektu hori onuragarria dela neska-mutilentzat batetik, Kirol Elkarte osoarentzat bestetik eta Ondarroako herriarentzat azkenik.
Zelai barriaren garrantzia
Denboraldi hasieran hasi zen Aurrera Kirol Elkartea belar artifizialeko zelaiaren gainean berba egiten. Hori izango zen, izan be, bere proiektuaren oinarria. «Bidean aurkitutako oztopo guztiak gainditu eta Ondarroako Udalari esker, azkenean lortu da proiektuaren oinarria finkatzea, urte luzez lasaitasun handiagoagaz eta plangintza hobe baten bidez lan egiteko Aurrera Futbol Eskolaren baitan»