Ahotsak elkarteak herriko edadeko hiztunei grabazioak egiten eta artxiboa osatzen dihardu. Horretarako,
Markina-Xemeingo Euskara Zerbitzuak grabazioak transkribatzeko laguntza eskatu diete herritarrei. «Herritarren inplikazioa behar dugu», adierazi dute Euskara Zerbitzukoek.
Horretaz gain, hiztun egokiak identifikatzeko be laguntza behar dutela jakin eragin dute. «Edadeko hiztunak behar dira, ahal dela bertakoak eta bertan bizi izandakoak, eta kontulari onak», adierazi dute.
Traskripzioak egiteko zein hiztun egokiak topatzen laguntzeko prest dagoena Euskara Zerbitzuagaz jarri behar da harremanetan.
Horretarako hainbat bide daudela esan dute:
euskara@markina-xemein.com helbidera idatzi daiteke edota
94 6167454 telefonora deitu martitzen edo eguenetan.
Udaletxera bertara be joan daiteke egun beretan, martitzen zein eguenetan.
Ekainean Ahotsak elkarteko teknikari bat joango da Markina-Xemeinera, transkripzioak egiteko prest daudenei horretarako irizpideak emon eta teknikak azaltera.
Markina-Xemeingo Udalak aurreko urteetan Lea-Artibai Euskararik hasitako bideari jarraitu nahi izan dio, eta horregatik, Ahotsak ekimenagaz hitzarmena sinatu du.
Orain arte, urte bitan egin dituzte grabazioak Ahotsak Elkarteko teknikariek Markina-Xemeinen.
Euskara Zerbitzukoek adierazi dutenez, aurtengorako lehentasuna grabazioak egiten jarraitzea da. «Hiztunen hizkuntza ondarea batzea lehentasunezko ikusten da, belaunaldi aldaketak berehala datoz eta», diote Euskara Zerbitzuko arduradunek.
Ahotsak elkartea orain arte egindako grabazioak webgunean eskegitzen ari da, gaiaren arabera zatituta eta aukeraketa eginda. Ahotsak elkartearen web orrialdean entzun daitezke,
http://www.ahotsak.com/markina_xemein/ orrialdean.