
Marierrotako gazteen taldea
Kirol teknikoa eta asko landu beharrekoa da boleibola, eta, batez be, talde lanari garrantzia handia ematen dion kirola; elkarlana beharrezkoa duena, alegia.
Indar handia dauka Marierrota Boleibol Taldeak Lekeition, eta boleibolaren inguruko ezagupenak hartzeko aukera ez ezik, askoz gehiago eskaintzen du taldeko kide izateak, familia bateko partaide izatea baitakar berarekin.
Jende mordoa dabil Lekeitioko Marierrota Boleibol Taldean entrenatzen, 60 lagun inguru. Baina, jokalari eta entrenatzaileez gain, babesle eta laguntzaileak be baditu taldeak, baita bazkideak be; 120, hain zuzen.
Txikien mailan, DBHko lehenengo eta bigarren mailetan, talde bi daude, eta, danera, 24 neskak parte hartzen dute. Gazteen mailan be talde bi daude, 24 lagunegaz. Azkenik, nagusien mailan talde bakarra dago, bederatzi lagunek osatutakoa.
Entrenatzaileei dagokienez, txikien mailan bi dabiltza, gazteetan hiru, eta nagusietan bi; zazpi, danera. Aipagarria da aurten hiru jokalari ohi ari direla entrenatzen, eta hori «posititibotzat» jo dute Marierrotako arduradunek.
Txikietako gehienentzako lehenengo urtea den arren, «talde majoa» dela adierazi dute Marierrotako arduradunek. Gainera, Bizkaiko eskolartekoan finalera heltzea lortu dute, nahiz eta Getxoren kontrako finala galdu. Gazteen eta Nagusien mailan be finalera heltzea lortu dute aurten Euskadiko txapelketan, baina galdu egin dute talde biek, Sestaoren kontra. Beraz, «hiru mailetan lortu dute finalera heltzea, eta positiboa da hori».
Elkarlana eskatzen duen kirola da boleibola; «garrantzia handia dauka taldeak». Diotenez, «baloia airean mantendu beharrak adi egotea eta talde lanean aritu beharra eskatzen du. Gainera, danek parte hartzen dute jokoan». Talde izaerako kirola bakarrik ez, exijentzia maila altua eskatzen duen kirola be bada boleibola. «Garaipenak danok disfrutatzen ditugu, eta akatsekin denok galtzen dugu».
Halaber, zelaia elkarregaz muntatzeak be talde lana bultzatzen duela diote: «Boleibolean jokatu behar den bakoitzean zelaia jarri eta kendu behar da; horrela, jokoan bakarrik ez, aurreko eta osteko beharretan be elkarlana eskatzen du kirol honek».
Emakumeen kirola
Boleibolean, azaldu dutenez, gehiengoa emakumea da. «Hasieran gizonezkoek gehiago jokatzen zuten, baina gero emakume gehiago hasi ziren, eta gaur egun emakumeak gehiago dira». Marierrotan, txikietan dauden hiru mutil ez ezik, beste danak neskak dira. Hiru mutil horiek nesken taldeetan jokatzen dute eskolartekoetan, baina federatuetan Getxoko taldeko mutilekin alkartu dira aurten. «Getxoko taldea Aixerrota da, eta gu Marierrota», azaldu dute taldeko arduradunek. «Horregatik, mutilen Errota taldea sortu dugu», diote. Mallorcan (Herrialde Katalanak) jokatu zen lehiaketa batera be joan ziren.
Euskal Herrian jokatzeaz gain, kanpora be joan ohi dira lekeitiarrak. «Urte bitik behin nazioartera joaten gara jokatzera», azaldu dute. Orain arte Herbeheretan, Portugalen, Austrian… egon dira. «Boleiboleko familia guztia joaten gara hara, eta oso berezia izaten da». Irteerari «garrantzia» emoten diote. «Hiru egunetan txapelketak jokatzen ditugu, eta beste hiru egun aisialdirako hartzen ditugu». Aurten Andorrara joango dira taldekideak, ekainaren 28tik uztailaren 3ra. Talde osoa joaten da, jokalariak eta entrenatzaileak.
Bestetik, aurten gazteen taldeak federatuetan sailkatzea lortu duenez, Cangas de Onisera (Asturias, Espainia) joango dira ekainaren 19tik 23ra. «Inbertsio handia da Asturiasera joatea, baina kanpoko boleibola ikusteko aukera bat da», diote. «Bidaiek asko erakusten dute, bai kirolari dagokionez, baita talde izaera sendotzeari dagokionez be».
Boleibola ezagutzera emateaz gain, aparteko beste aukera batzuk eskaintzen dizkio Marierrotak herriari. Alde batetik, Gabon kopa antolatzen du, 3x3koa. «Edozeinek joka dezake: herrikoek, ingurukoek, boleibolean dabiltzanek, sekula jokatu ez dutenek…». Bestetik, uztaileko azken zapatuan hondartzako boleibol txapelketa antolatu ohi du, 2x2koa. «Horretan be nahi duten guztiek joka dezakete».
Marierrotak irailean zabaltzen du matrikulazio epea, eta nahi duten herritar guztiek emon dezakete izena. «DBHra doazen guztiei egiten diegu deia. Batzar egun bat jarri ohi dugu, eta hor sortzen dira ikasturte barrirako taldeak». DBHkoei bakarrik ez, ordea, Marierrotak herritar danei egin nahi die gonbitea kirol desberdin eta dotore hori probatu eta ezagutu dezaten.