
Entseguetako bat
Lau entsegu egin ondoren, bihar grabatuko dute Mutrikun Mundumob ekimena, 20:00etan, Xiri gunean.
Eman hartu nahi duzun mundua lelopean, mundu bola eskuz esku ibiliko dute kirol, kultura, ingurumen… arloko eragileek, etorkinek, baserritarrek, arrantzaleek, gazteek… Horiez gain, Andoni Basterretxea (Delirium Tremens) eta Axular Arizmendi musikariak, Oihana Kortazar eta Atarratze Beristain korrikalariak, Asier Illarramendi Errealeko futbolaria, Irrien Lagunak taldeko Tiritatxo eta Largabista batuko ditu ekimenak. Hala, ilusioz dago Mutriku Zero Zabor taldea, eta parte hartzeko deia egin du. «Jende ezberdina elkartzea lortu dugu, eta denon artean azken ekitaldia polita izango da». Antolatzaileen esanetan, giro alai, parte hartzaile eta ludikoan egingo dute Mutrikuko grabaketa. Baikortasuna eta konpromisoa muinean dituztela, biharko ekimena aldarrikatzen duten etorkizun hobe baten isla izan dadin espero dute.
Gipuzkoa osoa zeharkatu duen ekimena da Mundumob, eta herritarrak printzipio nagusi baten inguruan biltzen ditu. «Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta, ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra», adierazi dute sustatzaileek.
Herritarrek eta eragileek printzipio horiekin bat egitea nahi dute, modu horretan, etorkizuneko ekintza zehatzak adosteko eta gauzatzeko. Mezua gorpuzteko, Karlos Jimenezek egindako abestia erabiliko dute Mutrikun zein ekimenarekin bat egin duten Gipuzkoako beste herrietan. Abestiaren letra Jon Maiak egindakoa da. Ahotsa, berriz, Ze Esatek taldeko Jabik eta Gose taldeko Ines Osinagak jarri dute. Hori guztia borobiltzeko, Mikel F. Krutzaga teknikaria ere ariko da lanean. Koreografian laguntzeko, aldiz, Mikel Erguinen laguntza izango dute.
Parte hartu nahi baina ezin duenarentzat alternatiba bat eskainiko du HITZAk, Mundumob zuzenean emango baitu streaming bidez. Beraz, joan ezin duenak
www.lea-artibaietamutriku.hitza.eus-n zuzenean ikusi ahal izango du guzti-guztia.