Talleres Mecanicos Arakistainek (TMA)
ixteko bidea hartuko duela jakin eragin dute langileek eta LAB sindikatuko ordezkariek.
Gaur eduki dute enpresagaz batzarra, eta egoerari bueltarik emon ezinean,
kontratuak iraungi eta enpresa lehiaketara joan beharko dela jakin eragin dute.
Bihar beteko da hilabete TMAko langileak greba mugagabea hasi zutenetik.
LAB sindikatuko ordezkariek esan dutenez, enpresak ezin dio zorrari aurre egin, eta ondorioz, ez dauka etorkizunik. Beraz, itxi egin beharko da. «Orain langileak enpresaren taldeko beste lantegietan beharrean hastea izango da gure helburua», diote.
Gaur asanblada egingo dute, egoeragaz zelan amaitu eta hurrengo pausoak zehazteko.
Luzea izan da azken hilabetea TMAko langileentzat.
Greban egon diren artean, hainbat ekimen egin dituzte: «Markina-Xemeingo azoka egunetan egon gara, elkarretaratzeak egin ditugu, Bilbora joan gara, mozioak sartu ditugu udaletan…», diote.
Denbora tarte horrean enpresa aurrean egon dira langileak.
Azken barria, pasa den astekoa izan zen:
Etxebarriko udalak langileek aurkeztutako mozioa onartu zuten Osoko Bilkuran, «langileak babestuz» eta enpresak herrian jarraitzeko ahalegina egingo dutela adieraziz.
Talleres Mecanicos Arakistain enpresaren
arazoak «aspalditik» datozela adierazi dute langileek.
2011n lehenengo EEEa (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) eduki zuten, eta bigarrena 2012an, «biak, oso gogorrak», diote langileek.
TMA enpresa beste enpresa bigaz batu zen arazoei aurre egiteko: Laserlan eta Treneka enpresekin. Hiru horiek osatzen dute Borondate taldea. Halan eta be, langileek diotenez beste enpersak be ez daude egoera onean.
Atzo jakin zen enpresaren itxieraren barri, eta LAB sindikatuko ordezkariek
Patxi Arakistain enpresako lehengo jaubea egoeraren «erantzule zuzen» jo dute. «Enpresa ez du ondo eroan», diote. «Hori lehenago heldu izan balitzaio orain ez zen arazo hau egongo», adierazi dute.