
Josune dendako arduraduna
Txikiak handia jaten duela entzun izan da beti, baina bada salbuespenik. Handiek aurre egin ezin diotenik existitzen da. Egungo egoera leuna ez bada be, herri txikietako dendariek aurrera darraite. Txikitasunean handi bihurtzen dira, eta herri txikietan euren izaera gehiago garatzen dute. Ez dira denda soilak, plazak baizik. Saltzeko produktuak edukitzeaz gain, auzoko edota herriko altxorren eta istorioen iturri be badira. Aulesti horren adibide da, beste herri asko eta asko bezala. Biztanle gutxi izanda, bi denda dauzka: Josune janari denda eta Kantoko denda.
Egunerokotasunari nola aurre egiten dioten galdetzean, bateko zein besteko beharginek gakoak konfiantzan eta gertutasunean datzala diote. «Horrekin funtzionatzen dugu berton. Guztiok ezagutzen dugu elkar, eta konfiantza da bezeroaren eta dendariaren arteko harremanaren oinarria», dio Josune Zaldunbidek. Horrez gain, fideltasuna be aipatu du Zaldunbidek. «Bezero fidelak ditut. Gainera, jatorrak dira eta gero eta gehiago etortzen dira dendara».
Denda txikiek edukitzen duten antolamendua be kontuan hartzekoa dela dio Zaldunbidek. «Denda handietan tentazio gehiago egoten da. Gure asmoa ez da tentazioak jartzea bezeroari, ez da gure estiloa».
Produktuak be primerakoak ez direnean konfiantza osoz esaten dutela dio. «Frutaren kasuan, esate baterako, esan izan diet bezeroei hurrengo egunean hobea egongo dela eta orduan hartzeko. Ez dut nahi izaten guztiz onak ez diren produktuak saldu. Nahiago dut beste egun batean eramatea. Bezeroak hori eskertu egiten du».
Denda txikia da, bai, baina bertoko produktu guztiek dute euren lekua Josuneren dendan. «Lanekogaz be behar egiten dugu, eta inguruko baserritarren produktuak be edukitzen ditut. Hemengoek hori estimatzen dute».
Bertoko produktuen txokoa
Eguneroko jardunean, denda kontsulta be bilakatzen dela dio Zaldunbidek. «Tertuliak egiten ditugu. Herriko puntu klabea da denda». Bezeroak eskatzen duena ekartzen be saiatzen direla dio.

Kantoko dendako arduraduna
Naiara Aierza Kantoko dendako behargina be Zaldunbideren iritzi berberekoa da. «Konfiantzan oinarritzen da gure beharra». Eta, produktuak saltzeaz gain, errekaduak be egiten dituzte, borondate handiz. «Batzuk uste dute gure eginbeharra dela, eta ez da horrela. Paketeak eta bestelakoak jasotzen dizkiegu dendan, mesede bezala». Bide beretik, butanoa be hartzen dute bi dendetan. «Hemen guztiok ezagutzen dugu elkar, eta horrelako errekaduak be egiten ditugu», gaineratu du Zaldunbidek. Baina ondo-ondo azpimarratu dute bi dendariek hori mesede bezala egiten dutela.
Herritarrek be herrian bertan erosteko filosofiari eusten dioten edo ez galdetzerakoan, erantzunak ezberdinak dira. «Herritarrak be konturatzen dira herrian be erosi egin behar dela; hori nabaritzen dut nik», dio Zaldunbidek. Aierzak, aldiz, bestelako iritzia dauka. «Esan egiten dute, baina gero ez dira denak etortzen. Teorian filosofia hori barneratuta dutela esatea ondo geratzen da, baina praktikan gutxik egiten dute hori. Gazte asko ez dira etortzen, eta beste batzuk produktu bakanak erosten dituzte, gainerakoa erostera denda handietara joanez».
Produktuen kalitatea
Euren eskaintzan kalitatea dela nagusi diote biek. «Produktu onak edukitzen saiatzen gara, eta bezeroak hori eskertzen du. Horretaz jabetu, eta kalitatearen bila etortzen dira».
Gertutasuna, konfiantza, kalitatea eta arreta berezia euren osagai nagusiak direla diote, eta krisia somatzen badute be, aurrera egiteko ilusioz agertu dira bi dendariak. Eta dendara sartuaz batera, euren jarrera ezinhobea da, beti. Irribarre batekin hartu eta agurtzen dute bezeroa. Eta beti aurkitzen dute momentua bezeroari eguna nola doakion galdetzeko. «Plazer bat da horrelako arreta edukitzea», diote bezeroek.
Alaitasun berberagaz, eguneroko jardunari gogoz ekiten diote bi dendariek. Eta euren txikitasunean, herri txikian handi bihurtzen dira. Beraz, etorkizunean be, euren txikitasunetik handitasunerako pausoa ematen jarraituko dute.