Zapatuan
ekitaldia egin zuten Ondarroako Alamedan, eta ostean,
prentsaurrekoa eskaini zuten.

Alde batetik, herrietan
ginekologia zerbitzua “inolako murrizketarik barik” edukitzea eskatu zuten. Beste alde batetik, “emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak era integral batean sustatuko dituen
zerbitzuak herri bakoitzean eskaintzea” aldarrikatu zuten.
Ekitaldian
marasma sarea osatu zuten hainbat herritako emakume taldeetako kideek eta beste hainbat emakumek, “emakumeak saretzen” ari direla irudikatzeko.
Lea-Artibaiko ginekologia zerbitzuak murrizketak eduki ditu aurten.
Lekeition eta Ondarroan asten egun bitik egun batera murriztu dira, eta
Markina-Xemeinen, astean behin egotetik hamabostean behin egotera pasatu dira. Halan eta be,
zerbitzua guztiz kenduko dela zabaldu da hainbat iturritatik, eta zerbitzua Gernikara eta Durangora bideratuko dutela.
Horregatik, Lea-Artibaiko emakume taldeak eta norbanakoek
sinadura bilketa hasiko dute herriz herri, ginekologia zerbitzua berreskuratzeko eskatuz.
Prentsaurrekoan adierazi zutenez,
70. hamarkadatik aurrera emakumeen euren eskubideen alde borrokatzen aritu dira. “Borroka horretan
lorpen handiak egin dira, hala nola, 1983an planinak edukitzea lortu zen, emaginak, ginekologoak, sexoloak edota administrariak edukitzea lortu genuen”, adierazi dute.
90. hamarkadan, zerbitzu horiek
Osakidetza sarean sartu ziren. “Horrela, herri askotan, arreta zuzena, pertsonalizatua eta hezitzailea galtzen joan zen”, salatu dute.
Orain, zerbitzua
guztiz murrizteko arriskua dagoela eta, ez dutela
“atzera pauso gehiagorik onartuko” esan dute. Horrela, emakumeen eskubidea delako, zerbitzua
“exijituko” dutela adierazi dute.
Ginekologia zerbitzua aldarrikatzeko Ondarroan egindako ekimena (argazki galeria) [nggallery id=49]