
Informazioa, argazki galeriak, bideoak, albistegiak… Zerrenda luzea da, baina erronkak be ez dira gutxi. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak bestelako jauzia eman nahi izan du, eta, sarea eta papera uztartuz, bere eskaintza zabaldu du. Bideari ekinda, egunero-egunero eskualde bateko edo besteko webguneen erabiltzaileen kopurua goraka doa: Lea-Artibain eta Mutrikun %43 igo da erabiltzaile kopurua; Busturialdean, %32,9.
2012ko ekainaren erdi aldera aste osoko informazioa beste bide eta formatu batzuetan eskaintze aldera, bideoaren aldeko apustua egin zuen Hitzak, Asteko albistegiaren bitartez. 2012ko azaroaren 16an, barriz, beste jauzi bat emon zuen albistegiak: albistegi amankomun bat ekoiztetik eskualde bakoitza bere albistegi propioa edukitzera pasatu baitzen. Ordutik hona, beraz, bi albistegi egiten ditu Hitzak barikuero: Lea-Artibai eta Mutrikukoa, eta Busturialdekoa. Horiez gain, asteko zorion agurren bideoa ere eskaintzen du, sarean.
Zuzenekoak
Bestalde, zuzeneko emanaldiak Hitzaren erronka berrien artean daude. Izan ere, gertakari edota jai garrantzitsuenetan zuzeneko konexioak egiten ditu Hitzak, in situ, streaming bidez. Zuzeneko emisio horiek sare sozialen bitartez edota papereko albisteekin batera iragartzen dira.
Webguneek eskaintzen dutena, baina, askoz haratago doa. Izan ere, paperean agertzen ez diren argazkiak edota lotura interesgarriak ere jasotzen dira albisteetan. Horren harira, argazki galeriak eta bideo bereziak gehitzen zaizkie albiste nagusienei.