Cortesek 30 euroko erosketa txartela jasoko du, kanpainan parte hartzen ari diren hiru liburu dendetako batean –Beristain, Virginita eta Sabina– aldatzeko. Maiatzean parte hartu dutenen artean egin da zozketa. Guztira, hamazortzi lagun izan dira liburua maileguan hartu, liburutegira bueltatu eta euskarazko liburuak erosteko %25eko beherapen bonoa jaso dutenak. Kanpainaren barruan egindako maileguak, ordea, 29 izan dira. «Tartean badira, behin baino gehiagotan etorri direnak. Pozgarria da mugimendua ikustea, eta jendea euskaraz irakurtzen ari dela jakitea», azaldu du liburuzainak. «Batzuk, gainera, 12 urte bueltakoak izan dira, eta adin tarte horretakoak, normalean, ez dituzte liburuak maileguan eramaten».

Kanpainari esker, liburutegiak bi bazkide ere irabazi ditu, eta bazkide izan arren, aspaldian erabiltzaileak ez zirenak ere bueltatu direla jakinarazi du liburuzainak. «Jendeak gustura hartu du kanpaina, eta hala jakinarazi digute».
Parte hartzeko aukera, zabalik Kanpaina ekainaren 30era arte egongo da martxan, eta ekaineko parte-hartzaileen artean ere zozketa berezia egingo da. Helburua euskarazko liburuen irakurketa sustatzea da; azken finean, jendea euskaraz irakurtzera animatzea, beti ere kanpainaren izenburuak jasotzen dituen hiru pausoak emanaz. «Kanpaina sinplea, polita eta erakargarria delakoan gaude; beraz, oraindik parte hartu ez dutenak irakurri, gozatu eta oparitzera ani- matzen ditugu!», egin du gonbidapena udaleko euskara zerbitzuak.