Nasa kaleko atarietan
Lonja zaharraren parean bidea lau astetan itxiko zutela iragartzen zuten kartelak agertu dira gaur. Bidea ixteko
arrazoia, Lonja zaharretik Iberdrolaren transformadoreraino egin beharreko obrak ziren. Baina obra hori
udaldia pasa arte ez hastea adostu du udalak obra zuzentzen duen Garraio Azpiegituren Zuzendaritzarekin.

Kartelen berri jakin bezain laster, udala Jaurlaritzarekin harremanetan jarri da, eta
egin nahi zutenaren aurrean bere aurkakotasuna agertu dio,
bi arrazoi nagusi emanda: batetik,
auzo bat bakartuta, komunikazioa gabe utziko litzateke. Bertan bizi diren herritarren artean, edadetuak eta ezindauak daudela nabarmendu du Joseba Palenzuela alkateak egoeraren larritasunaren dimentsioa ikusarazteko. Bestetik, Mutriku kostako herria denez,
ekainaren 15ean uda denboraldia hasiko da, eta hondartzarako bidea moztuko litzateke, horrek dakarren guztiarekin; besteak beste, hondartzen garbiketarako makineria heltzeko ezintasuna, hondartzako salbamendurako sarbidea kentzea eta jendearen afluentzia moztea. Horren aurrean,
Jaurlaritzak bidea ez ixteko konpromisoa hartu du, eta udaldia pasatu arte pasabidea bermatuko dutela ziurtatu dute.
Samikolla-Burumendi errepidea, mintzagai
Horrekin batera, Samikolla-Burumendi errepidearen konponketaz hitz egiteko biltzea adostu dute. Udala eta Jaurlaritzako ordezkariak obra egingo duen enpresako arduradunekin batuko dira datozen egunetan. Udalaren eskaera garbia izango da: lehenbailehen Burumendiko sarbidea irekitzea. “Gutxienez, errei bat irekitzea da lortu nahi duguna, jendeak pasabidea eduki dezan, eta obra bere osotasunean amaitu artean, hondartza eta portu inguruko zirkulazio arazoei behin-behineko irtenbidea emateko”, azpimarratu du alkateak.