Busti-busti eginda, baina ederto batean pasatu dituzte Amorotoko Oleta auzokoek jaiak. Zapatuan, tortilla txapelketak zabaldu zuen egitaraua. Zazpi tortilla aurkeztu ziren, eta giro ederrean ospatu zen. Gau guztian euria egin bazuen be, jende piloa batu zen. 05:00ak inguruan ibaiak gorakada handia egin, eta kontzertuak amaitu ostean, 06:30ak inguruan, ibaia igo eta zelai osoa harrapatu zuen.
Batzordekoek txosnak hustu eta zati handi bat desmuntatu behar izan zuten, aringa-aringa.
Oletako nagusienek diote ez dutela gogoratzen inoiz jaien erdian halakorik gertatu izan denik. Igande goizean, meza hastekotan zegoela, oraindik be zelai zati bat urpean zegoen, baina aurreikusitako ekitaldiak betetzeko moduan egon ziren. Euri apurragaz, mezaren ostean, Amorotoko Arta Nagusi dantza taldeak erakustaldi polita eskaini zuen. Arratsaldean, herri kirolen orduan be euriak ez zuen bakerik eman. Ikusle dexente bildu zen, dena dela. Herri kirolen ostean, urteroko zozketa egin zen. Zenbaki sarituak hurrengoak izan ziren: 1. saria (Nojan bi lagunentzako bi eguneko egonaldia SPA batean): 1.938 zenbakia; 2. saria (Iberiar urdaiazpiko bat): 1.917 zenbakia; 3. saria (Kriantza ardo kaxa): 1.637 zenbakia.
Beraz, euria izan da orain jaien protagonista bat, eta jendea bestea. Stripteaseak, ez zuen beste behin be hutsik egin atzo gauean. Astelehena izanda, aspaldikorik eta jende gehien batu zen jai eremuan.
Jai batzordea pozik dago jendearen erantzunagaz.