Orain arte, Aurrera Kirol Elkarteak erabili izan du bakarrik. Hamendik aurrera, interesa daukaten banakoek, taldeek edo elkarteek erabili ahal izango dute berdegunea, txapelketak egiteko, entrenatzeko edo lagunarteko partiduak jokatzeko.
Erabakia Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioagaz atera da aurrera.
Erabakiak erabaki, Aurrera Kirol Elkarteak edukiko du lehentasuna. Eladino Gonzalez Aurrerako presidenteak ontzat emoten du egindako aldaketa. Esan duenez, zelai artifizialaren egitasmoaz eta ondorengo antolaketaz berba egin zutenean, mahai gainera atera zen berdegunea alokatzeko aukera, eta udal ordezkariekin bat etorri da erabakia hartzean Aurrera.
Alokairuaren aukera zabalduta, inguruko herrietan egiten den modura ipiniko ditu udalak herritarren eskura Zaldupeko ekipamenduak. Udal gobernuak Berriatuko eta Mutrikuko tasak hartu ditu, besteak beste, kontuan alokairuko kuotak zehazteko.
Udal ordezkariek esan dutenez, hasiera batean, tasak orientagarriak izango dira, «oraindik ezinezkoa da-eta zelaia alokatzeak eragingo duen gastua zenbatekoa izango den jakitea». Hori dela eta, benetazko datuak esku artean eduki ahala finkatuko dituzte behin-betiko tasak. Onartutako araudiaren arabera, futbol zelai erdia ordubetez alokatzeak 30 euroko salneurria edukiko du, eta denbora berean zelai osoa alokatzeak horren bikoitza: 60 euro. Bigarren aukera bat be badago: zelai erdia ordu eta erdiz 45 euroren truke erabili ahal izatea, eta zelaia bere osotasunean 90 euroren trukean. Argiteria edukitzeak zenbateko salneurria edukiko duen zehazteko daukate oraindik. Edozelan be,
alokairuak, kasu gehienetan, ez du ahalbidetuko futbol zelaiko aldagelak eta dutxak erabiltzea.