Zapatuan Elkartasun Hatsa ekitaldira joateko dei egin dute Lea-Artibai eta Mutrikuko eragileek
Iheslariek gatazka politikoaren konponbidean parte hartu behar dutela aldarrikatu dute azken 50 urteetan iheslariak lagundu dituzten hainbat taldek eta norbanakok. Haien babeserako eta Iheslari eta Deportatu Politikoen Kolektiboak «gatazkaren konponbidean ekarpen politikoa» egin dezan, Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldia antolatu dute datorren zapaturako, ekainak 15. Miarritzeko Irati erakustazokan izango da, aireportu ondoan.
Egun guztiko egitaraua antolatu dute: 11:30ean hasiko da ekitaldi politikoa, bazkari herrikoia izango da ondoren, eta kontzertuak arratsaldean: Gatibu, Gose, Iheskide eta Ze Esatek! taldeak igoko dira agertokira. Egun osoan ez da falta izango ondo pasatzeko aukerarik. Kale animazio egongo da, txosnak egongo dira, erakusketa egongo da, eta hori guztia eze eze, hainbat gauza dastatzeko aukera be bai. Umeekin pentsatuta, haurren txokoa ere prestatuko dute, pailazoak, puzgarriak eta bits festa tartean direla.
Lea-Artibaiko herri handienetan eta Mutrikun autobusak antolatu dituzte. Ondarroan Anaitasuna eta Kulixka tabernetan emon behar da izena, Markina-Xemeinen Txokoan, Lekeition Galarrenan, eta Mutrikun Zubixan. Lau herrietan 09:30ean aterako dira autobusak zapatuan: Lekeition eta Markina-Xemeinen, autobus geltokietatik; Ondarroan Zaldupeko Zubitik eta Mutrikun goiko errotondatik.